"Ilusio handia egiten digu Berlinen jotzeak, ez dira egunero halako aukerak sortzen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko abe. 6a, 14:24

Never Surrender eta Des-kontrol taldeek Berlinen joko dute asteburuan. Abenduaren 11n izango da emanaldia, Berlingo Clash aretoan. Frontkick taldeko baxu jole ohiaren gonbidapenari esker izango dira Alemaniako hiriburuan –Clash aretoko arduraduna da kontzertuaren antolatzailea–, dagoeneko hainbat urte irauten duen harremanaren ondorio. Izan ere, Frontkick taldeko kideak hamaika aldiz izan dira Euskal Herrian; Arrasaten bereziki. Bada, orain arrasatearren txanda da, Euskal Herrian aski ezaguna den musika Alemanian ere zabal dezaten. Zuzenean eta areto txiki baten; erosoen mugitzen diren testuinguruan, hain zuzen. Never Surrender taldeko kideekin egon gara kontzertuaren gainean berba egiteko. 

 

Nola suerta zitzaizuen Berlinen jotzeko aukera? 

Berlinen jotzeko aukera orain hilabete batzuk sortu zen, besteak beste Frontkick taldean baxua jotzen aritutako Stephan eta bere neskalagun Robin-en bitartez. Badira urte batzuk Frontkick taldea Euskal Herrira lehendabizikoz etorri zela eta Arrasate aldetik euren bisitak ugariak izan dira. Hala, eurekin
dugun harremana estua da. Bai Des-kontrolek zein guk eurekin jotzeko aukera izan dugu askotan eta talde moduan dagoeneko ezagutzen gaituzte. Duela gutxi, Berlingo Clash tabernan kontzertu bat egiteko proposamena luzatu ziguten. Eta guk ezin ezetzik esan.

Kontzertu bakarra emango duzue? Zein da astebururako duzuen plana?

Clash aretoan kontzertu dexente antolatzen dira eta bertan joko dugu zapatuan, hilak 11. Bidaia, ordea, egubakoitzean egingo dugu, Berlin ezagutzeko. Horretarako zer hobeto hango lagunekin afari eder bat egitea baino... Domekarako bueltan izango gara berriro. Finean, bidai express horietako bat izango da.

Aspaldi ez zaretela Euskal Herritik eta Espainiatik irten. Zer suposatzen du zuendako atzerrira joateak? Nola baloratzen duzue Berlinen jo ahal izatea?

Egia da jo ditugun kontzertu gehienak Euskal Herrian izan direla nahiz eta hemendik kanpo ere ibili garen. Edozein kasutan, atzerrira joateak ilusio handia egiten digu eta aldi berean asko pozten gara, ez dira-eta egunero halako aukerak sortzen. Gure asmoa da egiten duguna edozein txokotan ezagutzera ematea da eta atzerrian bada hobe. Hizkuntza oztopo bat izan daiteke, ez dutelako gure mezua ulertuko. Baina gure musika ezagutzen dute eta ziur gaude ederto ibiliko garela. 

Gogotsu eta ilusioz beteta zoazte, beraz. 

Hala da. Ziur gaude esperientzia aberasgarria izango dela guretako eta espero dugu guk agertoki gainean gozatuko dugun bezala kontzertura gerturatzen den jendeak ere gozatzea. Eta bide batez, atzerrian kontzertu gehiago jo ahal izateko balio dezala...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak