Lehen Territorialeko mutilek ezin izan zuten elgoibartarren kontraerasoekin

Mirian Biteri 2010ko abe. 5a, 19:56

Atzo arratsaldean, elgoibartarren kontra Iturripen jokatutako partiduan ez zen batere ondo ibili eskubaloiko Lehen Territorialeko taldea. Elgoibar sailkapenean goian dagoen taldea dela agerian geratu zen eta arrasatearrek gutxi egin ahal izan zuten garaipena eskuratzeko. 30-48 galdu zuten etxekoek.

Norgehiagoka hasi bezain pronto erakutsi zuen Elgoibarrek bere nagusitasuna, eta kontraerasoan aldea ateratzen hasi zen, etxekoek defentsan egin zituzten akatsei esker. Erasoan ere ez ziren ondo ibili Migel Angel Salterainen mutilak, eta horri esker, atsedenaldira 11 goleko aldearekin iritsi ziren kanpotarrak (15-26).

Bigarren zatian gauzak ez ziren larregi aldatu. Elgoibartarrak ederto ibili ziren kontraerasoan, eta golak bata bestearen atzetik sartu zituzten. Azkenean, 30-48 emaitzarekin bukatu zen lehia. Esan beharra dago, dena dela, erasoan ondo baina defentsan ez zirela oso fin ibili aurkariak; 30 gol sartu zizkioten-eta Arrasateko mutilek.

Ford Mugarri liderraren kontra

Bestalde, asteon atseden izan ostean, datorren astean partiduak itzuliko dira Euskadiko txapelketara. Sailkapenean bigarren dagoen Ford Mugarrik norgehiagoka garrantzitsua jokatuko du liderraren kontra, kanpoan. Soraluzek, berriz, Romo Indupime hartuko du etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak