Ama sahararra eta aita euskalduna duen Garazi Hach Embarek izan zen udalbatzari zuzendu zitzaiona. Hitz gogorrak izan zituen Espainiako gobernuarendako eta PSOEk Saharan erabiltzen duen “joko bikoitza” salatu zuen. Honakoa adierazi zuen: "PSOEk alde batetik laguntzarako hegazkinak bidaltzen dituen bitartean beste alde batetik armak ematen dizkio Maroko gobernuari". Horrez gain, beste honako hitz hauek ere izan zituen Espainiako gobernuarendako: “Gu hemen mahaian eserita gaudela teorizatzen ari garen bitartean, sahararrak atxilotzen jarraitzen du Marokok”.
Esandako moduan, politikarien artean eztabaida sortu zuen gai bakarra izan zen. PSE-EEko Aritz Arrietaren, EAko Pello Urizarren eta Talde mistoko Oihana Aranbururen artean esan ziren hitz gogorrenak. Izan ere, PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzan onartu zen berbera. Aritz Arrietak esan zuenez, mozio alternatibo hori NUBIk aurkeztutakoa baino “askoz sendoagoa” da.
Finean, NUBIk aurkeztutako mozioa onartu egin zuen udalbatzak: PSE-EEK aurka bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen. Gainerako udal taldeek bat egin zituen, adierazi zutenez, “Saharako errealitatea gertutik ezagutzen dutenekin”.