Zein txirrindularik irabazi zituen 2000. urtean Frantziako Tourra eta Italiako Giroa? Ze izenez ezagutzen dugu Maria Sklodowska kimikari eta fisikari ospetsua? Antzinako Grezian, emakumeek ba al zuten Joko Olinpikoetan poarte hartzerik?
Horrelako 1.200 galdera batzen ditu Arrasateko Udalak, Ermua, Basauri, Zierbena eta Ondarroako dalekin eta Urola Kostako Mankomunitatearekin elkarlanean kaleratu duen Tribial Feministak.
Dinamika ohiko Trivial jolasaren berbera da: galdera erantzunetan oinarrituta, sei alor ezberdin jorratzen dira. Estetika aldetik baina, bada alderik: kasu honetan, esaterako, ez da gaztatxorik bildu behar, ikur feministak baizik.
Emakume Saileko zinegotzi Oihana Aranburuk eta Berdintasun teknikari Maite Barreñak jokoaren aurkezpenean azaldu dutenez, hainbat helburu lortu gura dira ekimen horrekin: besteak beste, emakumeek historian zehar izan duten papera berreskuratzea, emakumeek gizonen mundura hurbiltzeko egindako lana eta feminismoa bera.
Gizonezkoentzat ere bada
Hilabetetako lana dago bildutako 1.200 galderen atzean; izan ere, galderok, nazioarteko zein bertako kontuei buruzkoak dira, baita garai bateko zein egungo diskriminazioari buruzkoak ere.
15-16 urtetik gorako edozeinentzat dago zuzenduta jokoa eta egileek argi utzi gura dute ez dela emakumeendako soilik, baita gizonezkoendako ere.
Arrasaten denera 2.000 ale kaleratu dituzte, denak ere euskaraz eta 25 euroren truke. Emakume Txokoan eskura daitezke. Ondo pasatzearekin batera, iraganaz eta orainaz gehiago ikasteko aukera paregabea zalantza barik.