Anjel Lertxundi: ''Hausnarketak egiten ditudanean ere narratzaile sena irtetzen zait''

Txomin Madina Milikua 2010ko aza. 30a, 18:17

Arrasateko Kulturaten egiten dituzten literatura solasaldien atzoko saioan, gonbidatu berezia izan zuten: Anjel Lertxundi, Saiakera Sari Nazionalaren azken irabazlea. Eskarmentuaren paperak lanagatik irabazi du oriotarrak  sari hau, eta lan hori eta literaturari buruzko beste hainbat konturi buruz jardun zuen Arrasaten.

''40 urteko ibilbidean izan ditudan obsesio literario, kultural eta sozialei buruzko hausnarketa bat da, oso modu pertsonalean emanda eta irakurle baten liburua izanda, ni irakurlearena''. Horrelaxe azaltzen ditu Anjel Lertxundi idazle oriotarrak Espainiako Saiakera Sari Nazionala eman dion Eskarmentuaren paperak lanean jasotakoak. Bere esanetan sorpresaz heldu zaion saria izan da, idazten jarraitzera animatu duena.

1970 urtean argitaratu zuen Lertxundik lehen liburua, Hunik arrats artean izeneko ipuin bilduma eta ordutik hona hainbat alor landu ditu: haur eta gazte literatura, eleberriak zein saiakera. Erosoen non sentitzen den galdetuta argi ditu gauzak: ''Hausnarketak egitean, nolabait gai filosofikoago batzuk ikutzen ditudanean ere, beti irtetzen zait narratzailearen sena'' .

Irakurleekin topaketak, aberasgarriak

Arrasateko literatura solasaldien barruan Lertxundik bere azken lanaz, izandako ibilbideaz edo egungo euskal literaturaren egoeraz berba egiteko aukera izan zuten partaideek. Oriotarraren esanetan, halako topaketak aberasgarriak egiten zaizkio oso: ''Liburu bat idaztean, gauza batzuk pentsatzen dituzu eta irakurleei esker eta esaten dizutenari esker, deskubritzen joaten zara testu bera ikusteko beste modu batzuk daudela. Horrek hurrengo lanetarako pistak, arrastoak, ematen dizkizu''.

Interneten mundua ez zaio arrotza egiten Lertxundiri eta blog propioa ere badauka. Bere esanetan, Internetek eragin zuzena izan du bai idazteko prozesuan eta baita idazkeran beragan ere. Eta euskal literaturako belaunaldi berrien inguruan galdetuta, gora-beherak gora-behera, osasuntsu ikusten dituela eta hori, era berean, pizgarri zaiola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak