Udaberrirako jolasparke berria izango da, Gelma gunean

Ubane Madera 2010ko aza. 29a, 13:08

Hasi dira Arrasaten jolasparke berria eraikitzeko lanak egiten. Gelmaren orube zaharrean eraikiko dute, etxe berriak egiten dabiltzan gunean, errekara begira. Behin hasita, datorren urteko lehen hiruhilekoan bukatuko dituzte, inguruko urbanizazio lan guztiekin batera, "dena den, eguraldiak asko baldintzatuko du hori", adierazi dute Obenerreka eraikuntza etxetik.

Gelma inguruko orubea egokitzeko lanak egiten hasi dira, eta egunotan zeruari begira dabiltza. Izan ere, hurrengo pausoa zorua iragazgaiztea da, eta hori ezin daiteke egin atertu arte. 

Jolasparkeari berari dagokionez, 1.500 metro koadroko azalera izango du, bi gune berde eta, besteak beste, 10 zuhaitz; "gerizpea ematen duten zuhaitzen bila ibili gara, eta seguru aski 10 haritz handi ipiniko ditugu". 

Jarleku berezia

Horrez gainera, beste gune berde txikiago bat, iturri bat, eta zela ez, eserita egoteko jarlekua ere ipiniko dizkiote jolasparkeari: "Jarleku berezia izango da, zirkunferentzia erdia egingo duena, eta gainera, bizkarraldea bi aldetara izango du: jokoei begira, batetik; eta bestetik, aukera izango da, eguzkiaren arabera, eguzkigunea edo gerizpegunea aukeratzeko".

Joko klasiko eta berriak

Eta jokoei dagokienez, klasikoak eta berriak uztartuko dituzte. Klasikoen artean, txirrista, ziburua pasabide eta eskailerekin eta balantzaka ibiltzeko jokoak izango ditu. Berrien artean, berriz, "gura dugu ipini kanasta magikoa. Hiru irteera-zulo ditu; hala, baloia kanastan sartu, eta ez dago jakiterik nondik aterako den", kontatu dute Obenerrekakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak