Zer da Billings metodoa?
Antisorgailu edo kontrazepzio naturala da. Da norberak bere hilerokoa eta ugalkortasun patroia ezagutzea eta horren arabera norbere gorputzaren araberako kontrazepzioa. Norberak bere zikloa ondo ezagutzea da kontua. Zikloaren arabera, hileko egun gehienak ez dira ugalkorrak, eta koito harremanak izan behar baditugu, medikamentu bako kontrazepzioa egin daiteke.
Baina fidagarria da?
Munduko Osasun Erakundearen arabera, oso, %97,2; baina jakin behar da ondo erabiltzen, norbere hilerokoa ondo ezagutzen. Hala, ikastaroa antolatu dugu, hilean behin emakumeen hilerokoaren jarraipena egiten laguntzeko.
Zela funtzionatzen du?
Gorputzak ematen dizkigu sintoma batzuk jakiteko ugalkor gauden edo ez. Sintoma horiek emakume bakoitzak bere grafikoan apuntatuko ditu, eta gero hilean behin elkartuko gara eta metodoan aditu direnek (sendagile, ginekologo, psikologoak) egingo dute bakoitzaren jarraipena.
Norendako ikastaroa da?
Gura duten emakume guztiendako. Informazioa gura duen edozeinek sexologia zerbitzura dei dezake: 943 25 20 66. Eta bestela, lehenengo saioan (abenduaren 14, Kulturaten, 18:00etan) hitzaldia egingo dugu, kontatzeko zer den Billings, zertarako erabiltzen den, eta zela ikasten den; eta ikastaro horretan izena eman daiteke urtarriletik aurrera izango den formaziorako.
Zertan desberdintzen da Billings metodoa Ogino metodotik?
Ez dakit ondo desberdintasuna. Neu ere banoa ikastarora. Badakitena da Billingsek tenperatura eta mukositatea zaintzen dituela. Hona datozen adituek (Billings zentroa Portugaleten dago) ere lantzen dituzte beste metodo batzuk, baina hau ei da fidagarriena; horregatik erabaki dugu hau lantzea. Azkenean inportanteena da ondo erabiltzea, beste metodo batzuk moduan. Adituek esaten dute hiru hilabetean ikas daitekeela ondo erabiltzen, baina badaezpada ipini dugu 5-6 hilabeteko jarraipena. Nik uste dut metodo bat ondo erabiltzeko seriotasuna behar dela, diziplina edo inplikazioa. Dena den, bestela ere interesgarria da. Erabili edo ez, beste kontu bat da. Baina jakitea gure gorputza noiz dagoen ugalkor, ze ordutatik ze ordutara, interesgarria izan daiteke edozein emakumerendako.