Eguaztenean aurkeztu zuen Basque Culinary Centerrek Gastronomia eta Sukaldeko Zientzien gradua. Aurkezpenean egon ziren MUko errektore Josu Zabala, Basque Culinary Centerreko zuzendari Jose Mari Aizega, eta patronatuko hainbat sukaldari ezagun; besteak beste, Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz eta Martin Berasategi.
Eurek eman zituzten gradu berriko ezaugarri nagusienak: ikasturte berrian hasiko dira eskolak ematen, 50 gazterendako lekua egongo da, lau urteko titulazio ofiziala izango da, Goi Hezkuntzako Europar Espaziora egokituta egongo da, eta finantzatzeko aukera eta beka-sistema propioa izango ditu.
1.200 metro koadro
Lau alor nagusi izango ditu gradu berriak: sukalde-areto-sommelier teknikak; negoziazioaren kudeaketa; zientzia eta teknologia; eta kultura eta artea. Basque Culinary Center Donostiako Parke Teknolgikoan dago. 1.200 metro koadro ditu, eta Zientzia Gastronomikoen ikerketa eta berrikuntza zentroa duen munduko fakultate bakarra izango da.