Euskalmetek iragarritakoaren arabera, bihar goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada batzuk botako ditu, kantauri isurialdean batez ere. Arratsaldean, dena den, eguraldiak atertzeko joera hartuko du. Elur-kota 600 m inguruan kokatuko da. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura maximoak 3-9 ºC-ren artean kokatuko dira lurralde osoan eta barnealdeko hainbat puntutan izotza botako du.
Protokoa aktibatuta
Bada horren aurrean, Arrasateko Udaleko Zerbitzu Sailek dagoeneko aktibatu dute neguko protokoloa. Emandako xehetasunen arabera, 45 tona gatz gordeta dute udal biltegian eta Udaltzaingoa zein udal brigada alertan daude. "Adi egongo gara; adibidez, bihar 06:00etan 12 laguneko taldea lanean egongo da, eta elurra kentzeko makina atera egingo da. Dena den, eguraldi iragarpenaren arabera, bihar Arrasaten ez du elurrik egingo. Hala ere, gu zaintzen egongo gara asteburu osoan, bereziki, goiko parteko auzoak, Udala, Bedoña…", jakinarazi dute Zerbitzu Sailetik.