Behin errumaniarrak joanda, pabilioia bota eta inguruko lurrak garbitu egingo dituzte. Garaia Berrikuntza Guneko Andoni Gartzia kudeatzaileak jakinarazitakoaren arabera, urtebete pasatxo dela dute hura botatzeko lizentzia: “Baina ezer egiten hasi aurretik jendea sartzen hasi zen eta harrezkero ezin izan dugu ezer egin. Gainera, geuk ere sufritu behar izan dugu: suak, euren arteko borrokak, lapurretak… denetarik izan dugu”.
Emandako xehetasunen arabera, Garaiak joan den ekainean ipini zuen errumaniarren kontrako salaketa, eta gerora, otsail-martxo inguruan, berriz, Arrasateko Udalak.
Atxa zerrategiaren orubeak 8.000 metro karratuko azalera dauka, pabilioiak berak 1.200 metro karratukoa.