Tere Gonzalez: "Obra guztiak izan dira ezberdinak baina hau... Ez du argumenturik; hala ere, oso-oso polita da"

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta. Egubakoitzean estreinatuko du Izaskun Murgia elkarteko lirikoak La Gran Via zarzuela, Amaia antzokian (19:30). Dagoeneko ez dago atzera bueltarik, eguaztenean egin zuten entsegu orokorra Amaian bertan: ikusle barik egin zuten, baina ikusleak egongo balira bezala.

Eguena deskantsurako eta urduritasunak baretzeko erabiliko dute. Izan ere, Tere Gonzalez zuzendari orokorrak dioenez, "urduri" dago taldea, "beti moduan": "Zarzuela bat egin edo hamaika egin, estreinaldiaren aurretik beti egoten gara urduri. Estreinaldia da, lehen aurkezpena, eta xarma berezia du niretako. Gainera, hobe urduri egotea, estreinaldiaren aurretik lasai-lasai egotea baino". Urduritasuna egoteak tentsioa dagoela esan gura du eta tentsioa ez da txarra, zuzendari orokorraren ustez: "Dena neurrian, noski", dio. Hori bai, agertokira irten aurretik talde osoa batzen da urduritasunak uxatu elkarri animoak emateko.  

Entseguak, bestalde, "ondo" doaz: "Entseguak ez doaz gaizki, baina aurten jende berria dago eta entseguetan ondo aritu arren ez dakit nola erantzungo duten agertoki gainean". Domekan, esaterako hiru ordu eta erdi egon ziren lanean, azken ukituak ematen.

Obrari dagokionez, honakoa dio Gonzalezek: "Obra guztiak izan dira ezberdinak baina hau...Ez du argumenturik. Euren artean loturarik ez duten atal ezberdinez osatuta dago. Hala ere, gertukoen dudana delako izango da agian, baina oso-oso polita da".  
 

Jende askoren izerdiaz egina

Zarzuelan herriko jende askok hartzen du parte. Hor dago, hein handi baten, arrakastaren gakoa: herriak herriarendako egina dela, hain zuzen. Aurten 100 lagun baino gehiagok hartuko dute parte; agertokian 50 inguru, musikaz arduratuko den Arrasate Musikalen orkestra sinfonikoan 40 bat kide eta ikusten ez den lana egiten –trajeak egiten, dekoratua, makillajea...– beste hainbat lagun. Sarrerak internet-en daude oraindik, 17 eurotan (www.generaltickets.com/kutxa).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.