Hainbat urtean ekimenik egin barik egon ostean, Arrasate Aikido Elkarteko lagunak iaz erakustaldia berriro antolatzera animatu ziren, baina ekitaldi hori ez zuten erabili, lehen egiten zuten moduan, GKE batendako dirua batzeko: "Mojategin egin genuen erakustaldia, eta oso gustura geratu ginen. Izan ere, 2006a ezkero ez genuen horrelakorik antolatzen eta aurten lehengo ohiturei heldu nahi izan diegu, ekitaldia ekimen baten alde egiteko baliatu", adierazi digu Arrasateko Aikido Elkarteko irakasle Jose Manuel Matasek. Hala, hilaren 27an bi helburu izango dituzte Aikidoko lagunek: "Batetik, modalitate ezberdinetako borroka arteak herritarrei erakutsiko dizkiegu; eta bestetik, ekimen baten alde egiteko diru apur bat batuko dugu".
Lehen, Hiruatxekin
Lehenagoko urteetan Aikidokoek antolatzen zuten erakustaldiak balio izaten zuen Hiruatx gobernuz kanpoko erakundeari laguntzeko: "Talde horretako kide Jose Mari Sarasua zenak erakustaldia egiten laguntzen zigun, eta ekimen polita zen". Aurten, berriz, erabaki dute ekitaldian batzen duten dirua erabiltzea Pakistango uholdeetan kaltetuak izan zirenei laguntzeko, eta, hainbat babesleren laguntza izatearekin batera, ikusleek bi euro ordainduko dituzte Uarkapera sartzearren, era sinbolikoan, Aikodokoen ekimenaren alde egiteko.
Bost talderen laguntza
Hilaren 27an hainbat borroka artetako taldeek hartuko dute parte erakustaldian, Aikidoko lagunek gonbidatuta: "Ikuskizun erakargarria antolatzea da asmoa, eta, horretarako, ibarreko eta Euskal Herriko hainbat talde gonbidatuko ditugu". Besteak beste, karate, aikido, tai txi, shurinjikempo eta shinkyokushinkai borroka arteak egiten dituzten taldeak izango dira Uarkapen. "Eta ekitaldiarekin laguntzeko asmoa duten babesle eta herritarrei dagokienez, lehen egiten genuen moduan orain ere erabat zehaztuta izango dugu nora bideratuko dugun batuko dugun euro bakoitza".