Arrasate Musikalek bi kontzertu eskainiko ditu Santa Zezilia eguna dela-eta

Santa Zezilia musikarien santuaren eguna ospatzeko Arrasate Musikalek bi kontzertu antolatu ditu biharko, hilak 19. Berez ez da Santa Zezilia eguna astelehenean, hilak 22, ospatzen da. Hala ere, Arrasate Musikalekoek aste bukaera aprobetxatu gura izan dute ospakizuna herrira zabaltzeko. Izan ere, Edorta Aiastui Arrasate Musikaleko kideak azaldu duenez, ez da gauza bera halako ospakizun bat astelehenen baten edo aste bukaeran egitea.

Esandako moduan, bi emanaldi eskainiko dituzte Arrasate Musikalekoek. Lehena ikasleek eskainiko dute Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. Eskolako ikasle eta instrumentalistek hartuko dute parte; askotariko instumentuak entzun ahalko dira:  saxofoiak, pianoa, akordeoia, biolina, flauta, oboea, klarinetea... Irakasleek ere hartuko dute parte emanaldian: Mario Fernandinok saxofoia joko du, Marta Izagirrek eta Isabella Blezien-ek pianoa eta Karmele Irazabalek, azkenik, akordeoia.
Emanaldiaren egitarauari erreparatuz, 15 pieza inguru joko dituzte. Besteak beste, Beethoven-en Bederatzigarren sinfonia, Bach-en Minuetoa eta Haendel-en Diewerde entzun ahalko dira. Sarrera doakoa izango da.
Banda, herriko kaleak girotzera
Bestalde, urtero moduan, Arrasate Musikaleko bandak kalejira egingo du herriko kaleetan. Beraz, gaurko poteoa berezia izango da, goi mailako musikak girotua izango da-eta. Mikel Markiegiren zuzendaritzapean alde zaharrean joko du bandak. 19:30ean hasiko dira kaleak girotzen eta afalordura arte ariko dira. Bi pieza interpretatuko dituzte, behin eta berriz errepikatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.