Gerardo Uribesalgo, Arrasate Kristaldegia: "Esaten dute ez dagoela halako markesina inteligenterik munduan"

Ubane Madera 2010ko aza. 15a, 16:04

Markesina berezia ipini behar dute Nafarroa etorbidean, Zaldibar oinezkoen ibilbide berria amaitzen den lekuan, justu. Arrasate Kristaldegiak egindako markesina da. Markesina inteligentea dela dio Gerardo Uribesalgok (Arrasate, 1967), Arrasate Kristaldegiko ugazabetako batek.

Zer du markesina inteligenteak?
Dauka teklatu handi bat, lau teklarekin: batek autobusen ordutegiak esaten ditu, euskaraz; beste batek gaztelaniaz; hirugarrenak guardiako farmazien informazioa ematen du (zein dagoen guardian eta telefonoa); eta laugarrenak, taxien ordutegia eta haien telefonoa, larrialdien telefonoa eta Udaltzaingoarena. Hori guztiori entzuten da ahots bitartez, emakume eta gizonezko banaren ahotsarekin.

Zelan egiten du hori?
Ordenagailua du sartuta. Microsoft Mondragonek egin du softwarea, eta horrekin eta bozgorailu batzuekin esaten du informazio guztia.
Informazioa berritzeko (ordutegi berriak, adibidez), pinganillo berria sartuta, kito.
Autobusen informazioari dagokionez, lehenengo ematen du markesina horretan geratzen diren autobusen gaineko informazioa eta gero Arrasateko urbanoaren gainekoa; edozelan ere, gura den informazio guztia sar daiteke.
Bestalde, jendea markesina barrura sartzen denean, musika entzuten hasten da.

Kristala ere berezia da…?
Bai. Kristal barruan tela dauka, ohar guztiak kristal barruan daude sartuta, inork ez kentzeko. Eta teklatua ere barruan dago. Gainera, segurtasunezko kristala da, oso-oso gogorra. Jarlekua ere kristalezkoa da. Andre batzuek diote hotza dela, baina gustatu egin da, jende nagusiarekin pentsatutako altuera eman eta erraz altxa daitezkeelako. Bestalde, barruan duen telari esker, hautsa ez da igartzen, oso garbia da eta argitasun handia ematen dio.

Noiz jarriko duzue?
Oraingo astean, seguru aski, martxan egongo da. Entxufatuta funtzionatuko du, ez prototipoak moduan; hark eguzki plakarekin eta eolikoarekin funtzionatzen du. Izan ere, prototipoa baino merkeagoa da (18.000 euro balio du, baina Udalak 10.000gatik erosi du). Dena den, hau elektrikoa izan arren, oso-oso kontsumo txikia dauka. Argiak, adibidez, led argiak dira.

Arrasateko Udalarendako bakarrik prestatu dituzue markesinak?
Jende askok deitu digu, baina esan diegu itxaroteko bi markesina jarri arte (prototipoa uztailean ipini genuen, eta orain beste hau ipiniko dugu, elektrikoa). Gero etorriko dira bestelako udaletako ingurumen sailetatik ikusteko. Adibidez, Bartzelonatik deitu digute, suitzar batzuek ere deitu digute eguzki plakaren kontua asko gustatu zaie-eta…

Zelan pentsatu zenuten halako sistema?
Oso berritzailea da. Dirulaguntza eman ziguten Madrildik, teklatua egiteko. Egin genuen eta kristalean txertatu. Eta baditugu beste hiru gauza patentatzeko, ze markesina patentatuta baitago. Besteak joango gara kontatzen, patentatu baino lehen ezin da…

Bada halako markesinarik munduan?
Ba, esaten dute ezetz [Barre].

Posible izango da, beraz, zuen asmakizuna mundura zabaltzea?
Bai. Guk asmatu duguna da teklatu sentikorra, gorputzeko elektrizitatearekin funtzionatzen duena; hortaz, eskuarekin sakatzerakoan funtzionatzen du. Teklatu hori sar daiteke leku mordoan; adibidez, sukaldeko entzimeretan ipiniz gero, bertatik agindu ahal izango da ke-erauzgailua martxan ipintzea, argia ipintzea… edo ispiluan ipin daiteke eta bertatik argia piztu; igogailuetan…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak