“Ez dago araudi berezirik etorkinendako”

Gero eta sarriago entzuten dira etorkinen kontrako esanak; krisiaren eraginez-edo askoren ustea da bertakoek baino etxebizitza eta dirulaguntza gehiago eta errazago eskuratzen dituztela etorkinek. Udaleko Gizarte Zerbitzu Sailetik gezurtatu egin dute hori.

 

Hasteko, Udalak ez du etxebizitzarik ematen, etxebizitzarik ez dauka. Egiten duena da alokairuan izateko edo erosi izan bada, etxebizitza gastuen zati bat ordaintzeko laguntzak kudeatu. Eta laguntza horiek eskuratzeko eskubidea du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den edozein herritarrek, berdin da Arrasaten jaiotakoa izan edo beste lurralde batean jaiotakoa izan; eta etxebizitza kontuetarako dago Etxebizitza Saila, dago Etxebide, eta zozketa bidez ematen dituzte etxeok. Udalek arlo horretan ez dugu konpetentziarik, azaldu du Iñigo Garitanok, Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikari buruak.

Araututako laguntzak kudeatu

Gizarte zerbitzuetan egiten dena da araututa dauden dirulaguntzak kudeatu eta 2010etik aurrera, gizarte larrialdietarako laguntzak (AES-ak) dira kudeatzen ditugunak. Kasu horretan, edozein pertsona konbibentziako unitate batean bizi den momentutik eta beste betebehar guztiak betetzen baditu eskubidea dauka, nahiz eta, adibidez bere familia osoa hemen, Arrasaten bizi. Etxebizitzekin lotuta, berriz, Udalak duena da larrialdi egoeretarako etxebizitza. Kasu horretan, tarte jakin baterako alojamendua ematen zaie larrialdi egoera jakin batzuetan daudenei. Gehienez, sei hilabeterako gela bat ematen zaie. Lagapen probisionala da, eta Arrasaten dago egoera horretan dauden sei pertsonarendako plazak”, azaldu du Garitanok.

Araudi berezirik ez

"Ulertarazi behar dena da ez dagoela araudi berezirik etorkinendako, ez dago programa berezirik. Arrasaten iaz erroldatutakoen %3.4 dira bakarrik etorkinak. Gerta daitekeena %3,4 horien artean zati handi batek eskatzea dirulaguntzak, bertakoak baino pobreago direlako… Baina bertako bat etorriz gero egoera ekonomiko berean, karga familiar berarekin, laguntza berberak jasoko lituzke. Azkenaldian ikusten da, gainera, orain arte etorri ez den bertako jendea etorri dela: pertsona gazteak, helduak eta pentsiodunak. Sasoi batean egon zen zelanbaiteko beldurra Udalera eskatzera joateko, baina geroago eta gutxiago da hori. Eta esan beharra dago, baita ere, atzerritar gehienak lanera datozela, ez laguntza publikoen kontura bizitzera. Euren helburua lan egitea da eta egoera horretatik ahalik eta lasterren irtetea. Eta prest daude ordutegirik txarrenak hartzeko eta ordu piloa sartzeko. Egon daitezke datu faltsuak-eta ematen dituztenak, baina hemengoak ere bai, eta nik esango nuke hori ez dela esanguratsua

Gizarte larrialdiak eskatzeko baldintzak

Sei dira: konbibentzia unitatea osatzea. Laguntzak eskatzen diren udalerrian erroldatuta izatea eskaera aurkeztu baino urtebete lehenago gutxienez. Nahikoa baliabide ez izatea (oinarrizko errenta baino sarrera gutxiago izatea hilean). 23 urte baino gehiago izatea (18 urtetik gora izan eta behar bereziak izanez gero, onartzen dituzte). Fondo publikoekin finantzatutako bestelako prestaziorik ez jasotzea; eta lanagatik diru sarrerak izanez gero, ez egotea lan jardun erdira, salbuespenak salbuespen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.