Aurten Mario Vargas Llosa idazle perutarrari eman dio Literaturako Nobel Saria Suediako Akademiak, eta Vargas Llosak idatzitako Pantaleón y las visitadoras eleberria itzuli beharko da sariketaren 24. edizioan.
Abenduaren 21a baino lehen
Obraren lehen orriak euskaratu beharko ditu parte hartzaileak, eta orrion lau kopia bidali AED Elkartearen egoitzara –Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate–, abenduaren 21a baino lehen.
Fernando Reyk, Koro Navarrok eta Karlos Zabalak osatutako epaimahaiak itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2011ko urtarrilaren amaiera baino lehen.
Lan osoa, irailaren 30erako
Bestalde, beka jasoko duen pertsonak irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Vargas Llosaren eleberria euskaratuta, Elkar argitaletxean. Elkar argitaletxeak -eskubideak aurrez eskuratuta- argitaratuko du Pantaleón y las visitadoras eleberria euskaraz eta hori egiteko epemuga 2011ko Durangoko Azoka izango da. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere. Itzultzaileak ez du galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.
Harremanetarako edota edozein zalantza argitzeko, 943 77 12 28 (AED) edo 943 31 02 67 (Elkar) telefonoetara deitu behar da.