"Zarzuela ikustera sekula etorri ez direnei esango nieke etortzeko, errepikatu egingo dutela"

Astebete besterik ez da falta Gran Via zarzuelaren estreinaldirako. Lan eta lan dabiltza Izaskun Murgia elkarteko kideak, baina tartetxoa hartu dute gurekin egon eta zela dabiltzan kontatzeko. Mertxe Salaberri (eszenografia zuzendaria), Tomas Aspe (zarzuelako batzordeko kidea), Bittor Kortabarria (abesbatzako kidea) eta Andoni Uribetxeberria (Harreman erakundeko ordezkaria) ditugu berbalagun.

Zela doaz entseguak?

Ondo doaz. Gelditzen dira gauzatxo txiki batzuk, datorren domekakoa eta entsegu orokorra.

Eta zela doa sarreren salmenta?

Urtero pasatzen dena da egun batzuek pasa eta gero, jendea hasten dela komentatzen ez dagoela sarrerarik, eta ez da horrela. Badakigu, bestalde, asko ibiltzen dela jarleku jakin batzuk hartu nahian, eta horren harira esan beharra dago Amaia Udal Antzokian jarleku guztiak direla onak, leku guztietatik ikusi eta entzuten da oso ondo. Momentuz, egun guztietarako daude sarrerak, hori bai, gutxien ostiralerako. Kutxa.net-en daude salgai.

Zarzuelari berari dagokionez, Gran Via da aurten aukeratu duzuen lana. Entzun dugu bereziki zaila dela, batez ere abeslariendako; Bittor…

Bai, emakumeek dute zailtasun gehien, eurek abesten dutelako gehien. Zortzi abesti dituzte, nahiko konplikatuak, baina ederto egiten dute. Gizonok lan gutxiago dugu, baina ditugun numeroak politak dira, gustatzeko modukoak.

Mertxe, eszenografia zuzendariari dagokionez, zelako lana daukazu zuk?

Aurten, adibidez, istorioa akaso ez bestetan moduan: normalean izaten da neska, mutila, zeloak… aurten ez dago hori eta da gehiago pertsonaia mordoa sartu-irten-irten-sartu… jende mordoa dabil hor bueltaka… abesbatzak ere asko abesten du…

Esan genezake, beraz, eszenarioa beteta egongo dela?

Bai, bai. Erabat. Nik (Bittor) bederatzi urte daramatzat zarzuelan eta seguru aski hau izango da lehenengoa amodiozko istorio barik. Ez du zerikusirik orain artekoekin.

Hala ere, esango dugu baduela interesa, ezta?

Bai, bai. Badauka istorioa. Badaude ekitaldi batzuk oso ondo pasatzekoak, eta atzetik kritika soziala dauka: jendea zela bizi zen Madrilen… Kaleak, auzoak, jendea, pertsonaia ezberdinak daude… Kaleak-eta pertsonalizatu egiten dira eta berba egiten dute, auzoek… Zarzuela hasten denean ikusten da kaleak protestan Madrilgo Udalak erabaki duelako Garn Via egin, eta orduan eurek zer?

Ehun lagun izango dira lanean?

Bai, taula gainean eta atzean. Izan ere, taula gainekoa ikusteko, atzetik jende asko ibiltzen da lanean: jostunak (urteroko emakume taldetxoa), makillatzen gaituztenak (Arrasateko hiru emakume), eszenarioko dekoratuak…Guztiak dira boluntarioak. Eskerrik asko, guztiei!

Beste zerbait gura duzue gaineratu?

Guztiak daudela gonbidatuta zarzuelara, eta bereziki, sekula etorri ez direnei esan etor daitezela eta ikus dezatela, eta seguru hurrengo urtean errepikatu egingo dutela!

Andoni (Harreman), aurten lehen aldiz zelanbait Harreman erakundeak ere parte hartu behar du zarzuelan, ezta?

Bai. Harreman da Arrasateko garapenerako gobernuz kanpoko taldea,. Izaskun Murgia taldeak gura izan du gurekin kolaboratu. eta egingo duguna da Arrasateko lau margolarik emandako margolanak zozketatu zarzuelako lau emanalditan. Martxen Arana, Iñigo Arregi, Nerea Bilbao eta Begoña Kortabarria margolarien lanak dira. Errifak salduko ditugu emanaldien hasieran, atsedenaldian… euro baten truke, eta amaieran zozketatu egingo dugu margolan bat emanaldi bakoitzeko. Eta batzen dugun dirua guk ditugun proiektuetara bideratuko ditugu: Indiara (Ankur umezurtz eskolarako) eta Mozambikera (Marrupa, garapen sozioekonomiko integralerako). Eta gura nien eskerrak eman zarzuela taldeari aukera hau ematearren, eskerrak Arrasateko margolariei euren lanak ematearren eta Harremanekin kolaboratzen duten guztiei. Eta deialdia egin gurako nuke etor daitezela zarzuela ikustera eta esan momentu ona dela aprobetxatzeko Hirugarren Munduari elkartasuna adierazteko eta laguntzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.