Esandako moduan, Arrasateko herritarrek jasotzen duten euskara eskaintza neurtu ahal izateko 832 erakunderen datuak jaso dira. Erakunde hauetan guztietan, herritarrekin harremana izateko dituzten
bide ezberdinetako hizkuntz ezaugarriak jaso dira, horretarako
komunikazio motak bereizita. Guztira 6.962 datu jaso dira aipatu
erakundeetan.
Administrazioa, Gizartea, Komunikabideak, Hezkuntza eta Osasuna
sektoreen kasuan, herrian sektore horietan dauden erakunde guztien
datuak jaso dira. Ekonomia sektorean, berriz, eskaintza osoa sakon
aztertzeko zailtasunen aurrean –enpresa kopuru altua dela-eta–, herriko errealitatearen adierazgarri den
lagin bat aztertu da. Lagin hau orekatua izan da; denetariko
erakundeak hartu dira kontuan bai jarduerari dagokionez eta baita
langile kopuruari dagokionez ere.
Datu kuriosoak
Hainbat datu eman zituen aurkezpenean Pablo Suberbiolak. Nerea Zubia arduratu zen 832 erakundeotan datuak jasotzeaz eta Suberbiola, berriz, datuok interpretatzeaz. Bada, zenbait datu kurioso eman zituen: Eustat-ek 2006an jaso zuenez –Klusterreko kideek errezeloak dituzte Eustat-en 2006ko datuen gainean; urte horretan neurketarako metodologia aldatu zen–, Arrasaten %55eko ezagutza dago baina lehen hitza euskaraz ematen dutenen arteko indizea 0,70koa da (0tik 1erako eskalan). Ehunekoak eta indizearen zenbatekoak ez datoz bat zehatz-mehatz, baina Suberbiolak adierazi zuenez "ideia bat egiteko" erabilgarriak dira. Bada, kasu horretan ezagutza eskaintza baino txikiagoa litzateke.
Bestalde, datu nahiko esanguratsu bat ere eman zuten: Arrasateko erakundeetara –administraziora, denda batera edo edozein elkarteetara doala– jotzen duen arrasatearrak, oro har, hamarretik seitan lehen hitza euskaraz jasotzen du: indizea 0,61ekoa zen 2008an eta 0,55ekoa 2003an. Igoera txiki bat egon da, beraz.
Azkenik, eta orokorrean hartuta, sektore guztietako erakundeetan 0'58koa zen eskaintza 2008an eta 0'54koa 2003an. Beraz, esan daiteke azken bost urteotan euskara eskaintzak igoera txiki bat izan duela Arrasaten.