Zubi modernoa Zaldibar eta Gelmagunea lotzeko

Ubane Madera 2010ko aza. 8a, 10:52
2,50-2,80 metroko zabalera, 22 metro luze den pasabidea, 80 tona pasako pisua, zoru ez labainkorra (aglomeratua, egurra labainkorragoa delako), kristalezko baranda, eskudel oxidaezina eta argiztapen bikoitza. Hori guztia izango du Gelmagunea eta Zaldibar lotzeko oinezkoen zubiak.

Burgosen dabiltza eraikitzen, enpresa espezializatutako batean, eta urte amaierarako ekarriko dute, Gabonetarako gura dute-eta ipinita izan.

Errepidea moztu egin behar

"Errepidea moztu egin beharko da hura ekartzeko, 22 metroko pieza osorik ekarriko dutelako. Habeak ere batera ekarriko dituzte, eta erdiko pasabidea muntatuta. Guztiaren muntaia egun bakarrean egingo dugu, eta gero faltako lirateke xehetasunak muntatzea". Hala kontatu du Carlos Martinek, zubiaren enkargua duen Obenerreka enpresako ordezkariak.  

Izan ere, Arrasateko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, Obenerrekaren (Gelmako etxeen egilea) ardura da zubia eraikitzea.

Kolorez alda daitezkeen argiak

Xehetasunetan sartuta, zubiaren baranda bitxia izango da: kristal bikoitzekoa izateaz gainera, argiak izango ditu ezkutatuta eskudelean. Argi horiek, gainera, kolorez alda daitezke (urdina, gorria, berdea, morea…) eta zubiaren estruktura eta kristalezko baranda bera argiztatuko dituzte.

Bestalde, zubiak argi gehiago ere izango ditu, beheko partean, zorua argiztatzeko.
Argi horiek guztiak kontsumo baxukoak izango dira, led motako argiak, alegia.  

130.000 euro, gutxienez

Zubiaren gutxieneko kostua 130.000 euro da; baina litekeena da garestitzea, oraindik azken xehetasunak lotu barik dituztelako, "baliteke %20 garestitzea, edo %40… batek daki; amaierara arte ezin jakin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak