Arrasateko EAJren “anbiguetatea” kritikatu du PSE-EEk “ETAri oxigenoa” ematen diolako

Ubane Madera 2010eko azaroaren 8a

Joan den egueneko osokoan udal gobernuak, EAk, Alternatiba-Zutik koalizioak eta Aralarrek aurkeztutako mozioa babestu zuelako kritikatu dute sozialistek EAJ. Arrietak “harridura” erakutsi du jarrera horregatik; dio halako mozioak babestea “ETArendako opari” dela.

“Zuzenbidearen estatuak banda terroristaren kontra jo eta operazio polizial horiek bizitzak salbatzen dituztenean entzuten da EAJ giza eskubideekiko errespetua zalantzan ipintzen”. Halako jarrerek “ETAri oxigenoa” ematen diotela uste du Arrietak.

Alderdien Legea dela-eta

Egueneko mozioan, besteak beste, Alderdien Legea indargabetzea eskatu zuten. Bada horren harira, bozeramaile sozialistak dio “lege horrek bizitza asko salbatu” dituela Euskadin, eta “Europako Giza Eskubideen epaitegiaren babesa” izanda, ez duela “zentzurik” hura indargabetzea.

Segiri babesa

Kritikatu egin du, baita ere, mozioaren bitartez Segiko kideak babestea, “epaitegiek legez kanpoko elkarte deklaratutakoa”. Eta bukatzeko, Arrietak gaineratu du ez dituela “zalantzan” ipini behar “epaitegietan hartutako erabakiak”, eta ez dituela babestu behar gaur egun dugun “Zuzenbide Estatua zalantzan ipintzen duten ezker abertzale erradikalaren” adierazpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak