Euskal Herrian ireki den prozesua garatzen eta finkatzen laguntzeko konpromisoa

Ubane Madera 2010eko azaroaren 5a

Gernikako Ituna abiapuntu moduan hartuta, atzoko osoko bilkuran eskatu zuten “Euskal Herrian ireki den prozesua garatzen eta finkatzen laguntzeko konpromisoa erakustea”. Adierazi zuten prozesu hori bide politiko, demokratiko eta baketsuetatik normalizazio eta bakea iritsitakoan amaituko dela eta bien bitartean “prozesua oztopatzeko ahalegin guztiak salatuko” dituztela.

Horren harira, salatu egin zuten Ikasle Abertzaleak eta Gazte Independentistak taldeetako kideen atxiloketak. Diote talde biak direla Gernikako Ituneko parte. Salatu dute, baita ere, pertsona horiek “jasan duten inkomunikazio egoera” horrek “torturak eta tratu txarrak errazten dituelako”. Eta besteak beste, herritarrei dei egiten diete “egoera salatzeko deitu diren mobilizazioetan parte har dezaten”.

Mozioa onartu egin zuten, PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin, baina gainerako guztien aldeko botoekin.

Aritz Arrieta bozeramaile sozialistaren esanetan, atxilotuen aldeko puntuekin Segiko kideak babestu gura dituzte, eta nabarmendu zuen Alderdien Legea nazioarteko epaitegiek babestutakoa dela eta besteak beste, ETAk su-etena deklaratu duela gero hura apurtzeko.

EAJren kexatxoa

Bestalde, EAJk mozioaren alde bozkatu bazuen ere, Rafael Uribarrenek "kexatxoa" helarazi gura izan zien mozioa sinatu dutenei. Jeltzaleak adierazi zuen edukiarekin ados egonda, ez dutela jaso gonbiterik mozioa eurek ere sinatzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak