San Isidroko etxeen egoera aztertzeko egitamu berezia

Ubane Madera 2010eko azaroaren 5a

Arrasateko sarreran dauden San Isidro guneko etxeen egoera aztertzeko egitamu berezia egingo du Udalak. Bertako auzokideek ipinitako bi alegazio aintzat hartuta erabaki zuen hori azaroari dagokion osokoan, atzo, eguena.

Kontua da San Isidro gunean etxe berriak eraikitzeko proiektua aurkeztu zutela, eta horren ondorioz, San Isidroko hiru etxe, San Isidro elkartearen parean daudenak ordenazioz kanpo utzi zituela Udalak, haiek bota egin beharko zituztelako.

Obrarik egin ezin

Etxe bat ordenazioz kanpo baldin badago, etxe horretan ezin izaten da ezer egin; hau da, ezin izaten da inolako obrarik egin, eta zeresanik ez, norbaitek etxebizitzaren bat saldu gura baditu, nekez salduko du ordenazioz kanpo dagoen etxebizitza bat.

Etxeen proiektua geldi

Eta ikusita etxe berrien proiektua ez doala aurrera, auzokideek eskatu dute etxeok berriro ere ordenazio barruan sar ditzatela. Bada atzoko osokoak onartu zuena izan zen inguru haren gaineko egitamu berezi bat egitea eta hor zehaztea zein izango den gune haren etorkizuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak