6.000 ibilgailu pasatzen dira egunero Olandixotik

Ubane Madera 2010ko aza. 5a, 12:05
Astelehenetik egubakoitzera arteko datuak dira horiek; asteburuan, berriz, kopurua jaitsi eta egunean 2.000 ibilgailu pasatzen dira. Kopuruak estrapolatuz, hilero 160.000 ibilgailu pasatzen dira Mendebaldeko saihesbidetik, eta urtean, berriz, bi milioi ibilgailu inguruk erabiliko dute. Uztailean zabaldu zuten Arrasateko saihesbide berria.

Joan den uztailaren 26an zabaldu zuten Arrasateko saihesbide berria, eta datu oso esanguratsuak eskuratu ditu orain arte: 6.000 ibilgailu egunero, astelehenetik egubakoitzera. Eta asteburuan, berriz, egunero 2.000 ibilgailura jaisten da saihesbidearen erabilera. Horrek erakusten duen moduan, duda barik eguneroko jardunerako erabiltzen da, batez ere, saihesbide hori.

Urtean bi milioi

Gainera, eguneroko zifrak estrapolatuz gero, zifra are ikusgarriagoak ateratzen dira: hilero 160.000 ibilgailuk erabiltzen dute Olandixoko tunela, eta urtean, berriz, bi milioi ibilgailu inguruk erabiliko dute. Hori bai, zifrak kalkulatzerakoan, ez dute abuztua aintzat hartu, kontuan hartuta Arrasaten herritar asko kanpora joaten dela opor sasoi horretan.

Kontuak kontu, Diputazioak nabarmendu gura du orain arteko zifrak "garrantzitsuak" direla; Diputazioko ordezkarien esanetan, "errepide berri batek normalean hainbat urte" behar izaten ditu-eta "aurreikuspenak betetzeko”

3-4 urte barruko datuak

Izan ere, Olandixoren kasuan, gertu dago egunean 7.000 ibilgailu izatetik, eta hori hiruzpalau urte barru gertatuko zela kalkulatu zuen Diputazioak. Diputazioko ordezkarien ustez, zifra horiek agerian uzten dute errepide horretarako zegoen eskaera, eta gainera, uste dute "datozen urteotan hazten jarraituko dela" saihesbidearen erabilera.

Uste baino erabilera handiagoa

"Hasiera honetarako aurreikusi baino erabilera handiagoa dabil izaten. Eta aurreikuspenak gainditzeak argi uzten du errepide berria modu ezin hobean dabilela erantzuten bazegoen eskari bati. Horrez gainera, Arrasateko herri barrutik zirkulazio handia kendu du eta horri esker segurtasunean eta inguruko bizi kalitatean hobekuntza izan da". Adierazpen horiek erakusten duten moduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak modu "oso positiboan" baloratu du Arrasateko Mendebaldeko Saihesbideak inauguratu zutenetik orain arte izan duen erabilera.

40 milioi euro pasa

Bi kilometro luze da Arrasateko Mendebaldeko Saihesbidea; Olandixoko tunela dauka tartean, 860 metro luze dena. Diputazioak 40 milioi euro pasa inbertitu ditu saihesbidean eta uztailaren 26an zabaldu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak