Hasi dira Kooltur Ostegunak, ondo hasi ere. Herritarren artean ikusmin handia piztu du Kooltur ekintza elkartearen ekimenak eta halaxe islatu zen atzo gaztetxean: 200dik gora sarrera saldu zituzten.
Gari bere formarik puruenean taularatu zen, 16 lore diskoa ardatz hartuta eta denetariko musika aparailuen artean. Emanaldi teknikoki landua eta protagonistaren sentimenduz jositako ahotsa, kontzertu ezberdina izan zen, gaztetxean ikustera ohituta ez gauden horietako saio bat.
Ordubete inguru iraun zuen kontzertuak; iraupen aldetik ondo: ez motzegi eta ezta luzeegi ere.
Azkenik errepertorioari dagokionez, aspaldiko kantuak abesti berriekin tartekatu zituen. Hori bai, egungo Gariren ukituarekin. Besteak beste, Hertzainak garaiko Ta ezer ez da berdin edo Aitormena kantuen bestelako bertsioak ez ziren falta izan.