Ludotekak: aisialdia eta heziketa, balioetan oinarrituta

Ubane Madera 2010ko urr. 29a, 12:41
Arrasaten ludotekek 20 urteko ibilbidea dute; orain hiru daude: zentroan eta auzoetan. Umeekin jolasteaz gain, umeen ongizate emozionala lantzen dute hezitzaileek. Ludoteka bateko bazkide izateak kostatzen du 30 euro urtean "oso prezio sinbolikoa da. Eta hori oztopo ez izateko, gizarte zerbitzuetan dauden familien kasuetan kuota murriztua aplikatzen da".

80ko hamarkadan zabaldu zuten lehenengo ludoteka Arrasaten: Seber Altuben, 1988an, justu. Harrezkero, berriak zabaldu eta orain hiru daude Arrasaten: Santa Marinakoa, Okendokoa eta Usaetxekoa.

Hiruren artean 3-12 urteko ia ia 500 umeri ematen diete zerbitzua. Hala ere, ikasturte honetan ez dira oraindik kopuru horretara iritsi, eta ume gehiago gustura hartuko lituzkete. Hori bai, beste auzo batzuetan badira ludoteketarako eskaera gehiago: "Musakola auzoan gurasoek eskatu dute eta San Andresen ere bai", azaldu du Mirari Arandok, Txatxilupurdi elkarteko ludoteken arduradunak.  

Auzoetarako saiakera berezia

Izan ere, agerikoa da ludotekak erabat txertatuta daudela Arrasaten, Udalak berak ere ahalegin berezia egin du-eta hala izateko: "Arrasatez gainera, auzoetako ludotekak ez daude herri askotan, kasu gehienetan dago bakarra eta erdigunean", adierazi du Blanka Jauregik, Udal Gazteria Saileko teknikari-buruak.

"Arrasaten auzoetara zabaltzeko saiakera 80ko hamarkadan planteatu zuten Udaleko hainbat sailek. Ikusi zen zerbitzu asko erdigunean bakarrik zeudela eta auzoetara ere zuzendu beharra zegoela, eta hala egin zen. Adibidez, Santa Marinan hasieran gela bakarra zegoen, baina ikusita zenbat jende gerturatzen zen, bigarren gela zabaldu genuen", azaldu du udal ordezkariak.

Ongizate emozionala

Bestalde, ludoteka baten funtzioaren garrantzia ere azpimarratu gura izan dute Txatxilipudi zein Udaleko ordezkariek; umeek jolasteko lekua baino askoz ere gehiago dela azpimarratu: "Aisialdiko gune hezitzailea da. Umeak datoz ondo pasatzera, baina heziketa ere lantzen da, balioak: elkarrekiko errespetua, aniztasuna, autonomia, ingurumena, kultura-artekotasuna, gurasoekin harremanak, berdintasuna, etorkinen integrazioa… guztia euskaraz. Oso inportantea da umeen ongizate emozionalerako, euren sentimenduak espresatzeko , haserreak bideratzen laguntzen zaie, sormena garatzen… Eta oso garrantzitsua da guzti hori garatzeko aukera izatea, hezitzaileen laguntzarekin, leku seguru eta eroso batean, batez ere kanpoan euria eta hotza dagoenean, laguntxoekin eta jostailuz inguratuta".  

Beharrak dituztenendako hezitzaile bat

Hori guztia umeekin lantzeko hezitzaileak daude ludoteketan, Txatxilipurdiko hezitzaileak, "gela bakoitzeko bi; eta bada hezitzaile bat premia bereziak dituzten umeei arreta egiteko: behar fisiko zein psikosozialak dituztenei…".

Txatxilipurdi elkartea 1994an hasi zen Arrasateko ludotekak kudeatzen eta 2003an lehiaketa publikoa atera zuen lan horretan segitzeko, eta 2008an bigarrena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak