Never Surrenderren 11 istorio, bROnCKa ta gau ero disko berriko zazpigarren kantuak Berriro hasi du izenburu, eta talde arrasatearrak bizi duen unearen isla dela esan daiteke. Izan ere, estudioko lan mardularen ostean berriro hasi da taldea zuzenekoak ematen. Eta nola, gainera. Arrasateko gaztetxea goraino beteta, laukote arrasatearrak zuzeneko bikaina eskaini zion gero eta leialagoa duen ikuslegoari. Sei hilabeteko etenaldiaren ondoren jarraitzaileak deseatzen zeuden taldea agertoki gainean ikusteko, eta taldeak ez zuen hutsik egin. Egun berezia izan zen, Joseba Iglesias falta zelako. Hala ere, ondo zaindutako zuzeneko bortitza eskaini zion Never Surrenderrek gazte arrasatearrari. Anti-flag taldearen Turncoat kantua bereziki eskaini zioten Iglesiasi, haren talde gustukoena zen-eta.
Gertutasun absolutua
Ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldian, kantu zaharrak eta berriak tartekatu zituzten. Musika talde batek disko berria aurkezten duenean kantu berrietan ikuslegoa adi egon ohi da, berriak zaizkion doinuak asimilatzeko. Zapatuan, baina, kantu guztietan ez zen mugimendurik falta izan, aurrealdean batez ere. Horrek erakusten du lau egunetan –martitzenean jarri zen salmentan– diskoa asko zabaldu dela.
Bestalde, aipatzekoa da taldekideek agertoki gainean izan zuten jarrera. Andoni Iñurritegi Pottokok behin eta berriz uzten zien mikrofonoa erotuta zeuden lehen ilarako zaleei, euren ekarpena egin zezaten. Zaleekiko gertutasuna baita Never Surrenderren bereizgarrietako bat, eta zapatuan sekula baino gehiago igarri zen.
Emanaldia, nola ez, diskoan ezkutatuta –diskoa amaitu eta segundu batzuetara agertzen da– dagoen 11 istorio, bROnCKa ta gau ero abestiarekin amaitu zen. Ion Ugarteren txirula lagun, zuzeneko borobilari amaiera eman zitzaion. Gogotsu eta haize freskoz itzuli da Never Surrender.