Zortzigarrena, gaurtik hasita

Xabier Urtzelai 2008ko urr. 24a, 12:28
San Andres Xake Elkarteak antolatuta, gaur hasiko dute Arrasate Hiria Xake Txapelketako zortzigarren edizioa, eta azken edizioetan moduan, oraingoan ere maila goreneko xakelariak gonbidatu dituzte torneora, nazioarteko hainbat maisu izango dira-eta zein baino zein gehiago.

Aurrez, 2006ko txapeldun eta iaz bigarren sailkatu zen Alejandro Franco (2490 Elo FIDEko nazioarteko maisu) da faboritoa, baina besteak beste, Grezian Europako Txapelketa jokatzen ibili berri den beste nazioarteko maisu bat izango du aurrean, Iñigo Argandoña.
Eurekin batera, ezin baztertu FIDEko maisu Cristobal Limeres, Fran Miguel edota Carlos Nava jokalari bilbotarra.

Jokalari ezagunak dira
Lehenago aipatutako xakelari horiek aspaldiko ezagunak dira: Argandoña 2005an torneoko azpitxapeldun izan zen; Navak, berriz, lehenengo txapelketa poltsikoratu zuen 2001ean –orduan txapelketa itxia zen–; Limeres ere behin baino gehiagotan izan da gurean, 2001ean bigarren sailkatu zen eta 2002an torneoko onena izan zen. Eta, Aretxabaletako Miguelek ere behin baino gehiagotan hartu du esku Arrasateko torneoan –2006an egin zuen lan aipagarriena, bigarren sailkatuz–. Eta, Arrasateko klubeko xakelarien artean Josu Tornay da ondoen sailkatuta dagoena.
Hala, dauden jokalariak ikusita posible da, lehenengoz, xakelari horietako batek txapelketa bigarrenez poltsikoratzea.

Lehenengo saioa
Txapelketan esku hartuko duten 27 xakelariek –Javier Axpek atsedena izango du lehenengo saioan– gaur jokatuko dute lehenengo erronda (19:00etan Altamirako egoitzan), eta jokalariek helburu garbiarekin kokatuko dituzte taula gainean pieza guztiak: txapeldunak jasoko dituen 1.000 euroak irabaztea, alegia.
Bigarren sailkatua ez da esku hutsik joango etxera, garaikurrarekin batera 700 euro irabaziko dituelako, eta hirugarren sailkatuak ere garaikurra eta 500 euro irabaziko ditu. Hori horrela, San Andres Xake Taldeak 2.300 euro banatuko ditu saritan; inguruan ez dago horrelakorik.
Azaroaren 28ra arte egubakoitzero jokatuko dituzte partidak. Suitzar sistema erabilita, jokalariek sei txanda jokatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak