'Zisneen lakua'-z gain, dantzarik badagoela erakutsi zuten Amaia antzokian

Txomin Madina Milikua 2009ko martxoaren 1a

Biarritzeko Dantzaz konpainiara sartu nahi dutenek aukeraketa gogorra pasa behar izaten omen dute. Gogorra, baina zapatuan Amaia Antzokian ikusitakoak ikusita, merezi duena. 'Lur sagar' izeneko ikuskizuna aurkeztu zuten bertan. Dantza garaikidea izanda, baliteke hasieran ondo ulertzea kostatzea. Baina behin jokoan sartuta, ezin utzi. Ordubete eskas iraun zuen ikuskizunak, hiru zatitan banatuta

Jaar Eden  izan zen lehenengo pieza. Akaso berau izan zen ikuslearendako zatirik zailena: musika elektronikoak eta intsektuen hotsak nahastuta, bi neska izan ziren protagonista. Aipatu beharra dago uneoro erakutsi zuten konpenetrazioa, mugimenduen sinkronia ia perfektua.

Songeurs
zatiarekin, dibertsioa heldu zen ikuskizunera. Taula gainean hiru mutil, euren pausu, dantza eta keinuekin, ikusleei irrifare bat baino gehiago eragin zizkietenak. Benetan pieza alaia izan zen hau.

Lan osoak bezala, Lur sagar izena duen zatiak eman zion amaiera ikuskizunari. Kasu honetan, sei neskek Mercedes Sosa abeslariaren doinuak dantzatu zituzten. Indarra eta sentimendua, esfortzu fisikoa eta dotoretasuna maisuki uztartu zituzten, eta amaieran, ikusleen txalo zaparrada luzea izan zuten sari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak