Zirkulazioa eten egingo dute Alfontso X. Plazan

Ubane Madera 2008ko azaroaren 18a

Alfontso X. Jakintsua plaza zela berritu daitekeen erabakitzeko proiektua idatziko du datozen bost hilabeteotan Asmatu SL enpresak. Atzo (astelehena) udal gobernuak onartu zuten lan hori adjudikatzea, 21.000 eurorengatik.

Izan ere, eta labur esanda, Udalak gura gune hura berriro urbanizatu gura du, eraberritu; eta oro har, gura du Grupo San Juanen erdiko alde ingurua aisialdi gune bilakatu: plaza bera, plaza inguratzen dagoen errepidea eta inguruko etxebizitzen azpiko aterpeak aprobetxatuz. Hala, hori lortzeko, besteak beste, eten egin gura du plaza inguruan dagoen ibilgailuen zirkulazioa.

Horixe da Udalak zehaztu duen irizpidea. Hortik aurrerako guztia Asmatu enpresak proposatu beharko du urbanizazio proiektuan. Adibidez, zein zuhaitz eta landare mota gura dituzten landatu eta non landatu behar diren zehaztu beharko dute.

Biteriren monumentua

Plazaren erdigunean dagoen Pedro Biteri eta Aranaren monumentuarekin zer gertatuko den ere proposatu beharko dute. Izan ere, baliteke monumentua beste lekuren baten ipintzea. Hori ere idatzi beharko dute Udalak enkargatu duen proiektuan.

Esandako moduan, bost hilabete barru entregatuko diote urbanizazio proiektua Udalari. Gero, obrak egiteko aurrekontua zehaztu eta bideratu beharko dute. Beraz, oraindik luze joko du proiektu horrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak