Zirkuitu bio-osasuntsua eta lau jolas-parke eraikitzen hasiko dira

Ubane Madera 2009ko otsailaren 20a

Bost parke eraikitzeko proiektuak adjudikatu ditu Arrasateko Udalak. Laster ikusiko ditugu, beraz, obrak Uribe, Bedoña, Zerrajera, Makatzena eta (akaso) Gernika zumardian. 170.000 euro inguru inbertituko ditu Udalak parke guztietan.

Zerrajeran eraiki behar du Udalak jolas parke berrietako bat, Aprendizen Eskola eta La Caixaren etxeen artean. Yor SA enpresak eraikiko du, Santa Barbarako parkea eraiki zuen berak. Izan ere, haren antzerakoa izango da Zerrajerako parke berria.

Zerrajerako motiboak sartuko dituzte

Besteak beste, izango ditu Arrasaterekin zerikusia duten elementuak; "Zerrajerako giltzen marrazkiak sartu dituzte lurrean eta hainbat zaburutan", azaldu du Moises Altunak, Obra eta Zerbitzu Saileko teknikari-buruak. Parke "handi samarra" izango da, bi guneduna: bata irisgarria (edozeinek erabili ahal izango du, baina egokituta izango da zailtasunak dituztenendako); bestea 7-13 urte bitartekoendako gunea. Parkea eraikitzen hasiko dira ingurua egokitu bezain laster. 

Hiru jolasparke

Bestalde, beste hiru parke ere eraikiko ditu Udalak: Bedoñan (berria, eliza parean, 2-8 urteko umeendako); Makatzenan (aparkalekuaren gainean, lehenago jolas-parkea zegoen lekuan; 4-12 urtekoendako); eta Uriben (orain dagoena aldatuko dute, 4-12 urte bitartekoendako).

Nagusiendako zirkuitua

Bukatzeko, Arrasateko lehen parke bio-osasuntsua izango dena ere eraikiko du Udalak, helburu argi batekin: herriko pertsona nagusiek "kirol praktika osasuntsua" egin dezaten. Oraindik ez dute erabaki zein izango den zirkuituaren kokagunerik egokiena, aukerak "aztertzen" dabiltzala kontatu dute. Eta adibidez, aukeretako bat dela Gernika Oinezkoen Zumardian kokatzea zirkuitua. Hori bai, udal teknikariek badakitena da zortzi aparatu izango dituela. Udaberri inguruan hasiko dira hori eraikitzen. 

170.000 euro

Zerrajerako parkerako 87.000 euro inbertituko ditu Udalak eta gainerako lau parkeendako, berriz, beste 83.000 euro. Hori horrela, 170.000 euro inguru inbertituko ditu jolas-parkeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak