Politika kontuak landuko dituzte egueneko batzarrean. Izan ere, Maria Luisa Larrañagak zinegotzi kargua hartuko du, EAJ alderdiaren eskutik. EAJko zinegotzi Jose Ramon Uribarrenek uko egingo zion bere karguari bateraezintasun egoera dela-eta; haren kargua hartuko du, etzi, Maria Luisa Larrañagak.
Horrekin batera, bestelako izendapen batzuk ere egingo dituzte. Adibidez, Debagoieneko Mankomunitatearen Informazio Batzordeetarako udal ordezkariak izendatzeko proposamena aztertuko dute zinegotziek.
Diru kontuei dagokienez, berriz, Garagartza eta Gesalibar auzoetara joan-etorria egiten duen taxi bus zerbitzuaren tarifak berraztertzeko eta auto taxiaren 2008ko tarifak onartzeko proposamenak aztertuko dituzte.
San Josepeko harrobia eta politika mozioa
Bestalde, jakinaraziko dute Gipuzkoako Diputazioak dirulaguntza emango duela San Josepe harrobiaren etorkizuna argitzeko ideien lehiaketa egiteko eta halaber gai horren gaineko lankidetza hitzarmena sinatu gura duela Diputazioak Arrasateko Udalarekin.
Eta bestelako gaien artean, proposatuko dituzte izen berriak Arrasaten sortu diren kale eta plaza berriendako. Adierazpen Instituzionala proposatuko dute ere Emakumeen Indarkeriaren Aurkako nazioarteko egunaren harira.
Eusko Abertzale Ekintzak mozioa aurkeztuko du, egoera politikoaren gainekoa. Hain zuzen ere, kezka azaltzen du EAEk azkenaldiko gertakarien aurrean, Bilboko atentatua eta hainbat atxiloketa aipatzen ditu, hain zuzen ere. Kezka azaltzen du, baita ere, Gartzon epailearen autoaren aurrean; EAEren esanetan, “ideiak kriminalizatu eta salbuespen-egoera juridiko politiko batean jarria du Euskal Herria eta eraso horien hurrengo jo puntua EAE izan daiteke.
Horrekin batera, salatzen dute hainbat alderdi politikok erakutsi duten jarrera. Eta oro har, konponbidearen alde lan egiteko garaia dela ere gaineratu dute.
Esandako moduan, mozio hori eta bestelako gaiak landuko dituzte etzi, eguena, arratsaldeko 19:00etan hasita.