Zigiluak jaulkitzea eta brontzezko bustoa, Biteri omentzeko proposamenen artean

Jon Berezibar 2008ko ots. 20a, 14:01
Asteon aztertuko dute Kultura batzordean Pedro Biteri Arana Arrasateko filantropoaren heriotzaren 100 urteurrena ospatzeko zer egingo duten aztertuko dute oraingo asteko Kultura Batzordean. Dagoeneko Udala batzartu da hainbat herritar eta talderekin berba egiten hasteko. Maiatzean izango lirateke ospakizunak eta ohiko hitzaldi eta omenaldi sortaz gain, haren irudiarekin zigilu sorta jaulkitzea aztertuko dute eta brontzeko bustoa ipini gura dute Biteri plazan.

Pedro Biteri Arana filantropo arrasatearra jaio zela 175 urte bete dira aurten. Eta hura hil zela, berriz, 100 urte beteko dira datorren maiatzaren 21ean. Halako urteurren gogoangarrien harira, Udala eta herritar talde bat Biteriren oroimena gogora ekartzeko eta hark Arrasateri eta arrasatearrei egin zien ekarpena ezagutzera emateko hainbat ekimen lantzen dabiltza.

 

    Halaxe aditzera eman du Julia Monjek, kontu hau lantzen dabilen Kultura Zinegotziak; maiatzerako gertatzen dabiltzala ospakizunak. Hala, prestakizunei ekiteko, aurreko astean egin zuten lehen bilera. Hiru izango dira Biteri zenaren lana omentzeko ekintzak. Lehenik, haren estatua ipini gura dute Biteri plazan. Horrekin batera, filantropoaren figura gazteenei ezagutzera eman gura diete eta, hirugarrenik, herri osora begira Biteria hobeto ezagutzeko hitzaldi eta mintegi sortak egitea da Udala eta antolatzaileen nahia.

 

Brontzezko bustoa

Eta hain justu ere, oraingo astean, hiru puntu horietako bat landuko dute Udalean: Biteriren  bustoaren brontzeko eskultura egiteko proposamena. Kontu hori lehenagotik datorrela azpimarratu du Monjek. Brontzezko eskultura egin edo ez, eta hura zela egin aztertuko dute, hain zuzen ere, bihar, Kultura Batzordean; baina astelehenera arte itxaron beharko da proposamena onartzen duten edo ez jakiteko.

 

    Onartuz gero, laster ikusiko dugu eskultura berria: maiatzaren 21ean hain zuzen. Egun berean egingo diote omenaldia ere. Bustoa lehen zegoen tokitik ahalik eta gertuan ipini gurako lukete. 1911an ipini zioten omenezko eskultura Biteriri gaur egun dorrea dagoen lekuan eta 70 hamarkadan Grupo San Juanera aldatu zuten, Biteriko dorrea altxatzeko. Brontzezko busto berria ipini gura dute Biteri plazan dagoen berdegunetxoan, Udalatx edo Arrasateko harrobiren batetik ateratako harri batekin egindako 2 metro altu izango den oinarri baten gainean. Eta oinarri horren bueltan gura dituzte ipini lau inskripzio: bata Pedro Biteri beraren gainean, beste bat Arrasateren gainean, hirugarrena Euskal Herriaren gainean eta laugarrena Gipuzkoako Diputazioaren gainean.  

 

Hori da, esandako moduan, orain lantzen dabiltzana Pedro Biteriren izena gogora ekartzeko. Baina, Julia Monje zinegotziak aditzera emandakoaren arabera, herritarrek eta Udalak joan den astean egin zuten batzarrean bestelako proposamen batzuk ere egin zituzten.

 

Adibidez, gura dute aztertu aukera Pedro Biteriren irudia duten zigiluak ateratzeko. Correosekin berba egin behar dute lehenengo jakiteko zeintzuk diren bete beharreko baldintzak.

 

Eta proposatu zuten, baita ere, Errepublika garaian Biteri eskoletan ibilitako batzuen testigantzak batzea eta Biteriren gaineko ikerketa lan bat egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak