Zerrajeran lan eta lan dihardute, urbanizatu eta txukuntzeko

Ubane Madera 2008ko ira. 4a, 18:07
Zerrajera inguruan hasi dituzte gune hura urbanizatzeko azkeneko lanak. 60.000 metro koadro urbanizatuko dituzte datozen bi urteotan. Denetariko lanak egin behar dituzte: ur saneamendua, argiteria, zoladura, lorategiak, berdeguneak eta halako zerbitzuak sortu, kale berriak eta beste; etxebizitzen inguruan bizitza normala egiteko beharrezko diren azpiegiturak, alegia.

Zerrajera inguruan hasi dituzte gune hura urbanizatzeko azkeneko lanak. 60.000 metro koadro urbanizatuko dituzte datozen bi urteotan. Hori bai, lanok egiteko ez dute gune osoa batera itxiko, zatika egingo dute lan, ahalik eta eragozpenik gutxien sortzeko; hala zehaztu du Juan Antonio Urdangarin Hirigintza Saileko teknikari-buruak: "Aparkalekuekin, adibidez, kontu handiz ibiliko gara. Orain, adibidez, ospitale aurrekoa kendu egin da hori urbanizatzen dabiltzalako, baina urte amaierarako-edo izango dugu aurreko aparkaleku berria eginda, beste era batera: barrura sartu ordez, aparkalekuak errepide bazterrean izango dira, baterian".

Atzeko aparkalekuari dagokionez, berriz, "obra egiteko desagertu egingo da, baina, nahi dena da ahalik eta denbora luzeenean mantendu, eta berriak sortzen dabiltzan neurrian zaharrak kentzen joan, oreka lortzeko. Zaila izango da, baina ahaleginduko gara".

Oro har, denetariko lanak egin behar dituzte Zerrajeran. Adibidez, ur saneamendua, argiteria, zoladura, lorategiak, berdeguneak eta halako zerbitzuak sortu, kale berriak eta beste. Bestelakoen artean, umeendako jolasgune bi egingo dituzte. Lehenengo jolasgunea INEMen atzeko aldean egin behar dute, urbanizatu behar duten gunearen erdialdean, hain zuzen ere. Jolasgune hori 1 eta 5 urte bitartekoendako izango da. 

Bigarren jolasgunea, berriz, egingo dute Aprendizen Eskolaren parean, La Caixak egin behar dituen alokairuzko 148 etxebizitzen ondoan. Hor, 6 eta 13 urte bitarteko umeek jolastu ahalko dute. Jolasgune hori, gainera, Zaldibarkoaren luzapen gisa egituratu gura dute.

Behin lanok bukatuta, Arrasateko Udalari dagokion zatia bukatuta izango da. Dena den, lan horiekin batera, beste batzuk ere egingo dituzte. Adibidez, Osakidetzak ospitale berria eraikiko du han. Bada horren lanak oraingo urbanizaziokoekin koordinatuta egingo dituzte, nahiz eta haiek geroago bukatuko dituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak