Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Zerrajeran babes ofizialeko 140 etxebizitza eraikitzeko proiektuarekin lotutako puntua izango dute mahai gainean zinegotziek. Hain justu, inguruko ordenazio plan bereziari behin betiko onespena ematea proposatuko diete alderdi politikoei.
Proposamen hori onartuz gero, obra lizentzia ematea da hurrengo pausoa. Eta behin hori eginda, proiektuaren bultzatzailearen esku dago etxeok eraikitzen hastea.
Proiektua bukatzear
Kasu honetan, Visesa erakunde publikoak eraikiko ditu babes ofizialeko 140 etxebizitza horiek. Aitor Lamariano Visesako prentsa arduradunak jakinarazi du obra lizentzia ekainean emanez gero, lanak uda aurretik aterako dituztela lehiaketara, eta horrek esan gura duela 2011ko lehen hiruhilekoan hasiko dituztela obrak, bi urtean bukatzeko asmoarekin.
Proiektuaren oraingo egoerari dagokionez, Visesako ordezkariariak jakinarazi du proiektu hori idazten dabiltzala eta "ekaina-uztailean bukatzea" dutela aurreikusita.
Alokairuan
Jaurlaritzaren promozio horretan 140 etxebizitza gura dituzte eraiki: 90 etxebizitza, 60-65 metro karratukoak, eta bi logeladunak; 36 etxebizitza, 75 metro karratudunak eta hiru logeladunak, eta gela bakarreko 14 etxebizitza, 45-50 metro karratukoak.
Alokairu sozialean merkaturatuko dituzte etxeok, orain arte moduan, zozketa bidez, Etxebiden izena emanda dutenen artean. Anbulatorioaren atzeko aldean, eraikiko dituzte eta inguruko urbanizazioa dagoeneko gertu dute.
Bestalde, gaurko udalbatzarrak landuko duen bigarren puntuari dagokionez, Zerrajeran Udalak dituen zazpi lokaletatik zazpiak salgai ipini dituela da jakinaraziko dutena. Hain justu, babes ofizialeko oraingo etxeen bigarren blokean dauden lokalak dira Udalak salgai dituenak.
Zazpi lokal horietatik txikienak 35 metro koadro erabilgarri pasa ditu; handienak, berriz, 200 metro koadro pasa. Prezioei dagokienez, lokal merkeenak ia 94.000 euroko irteera prezioa izango du; garestienak, berriz, ia 325.000 eurokoa.
Lokal horietakoren bat erosteko interesa duenak Biztanleen Arreta Zerbitzura jo beharko du, edo telefonoz galdetu bertan. Bisitatu ere egin daitezke lokalok. Kasu horretan ere hitzordua hartzeko Biztanleen Arreta Zerbitzura jo beharra dago.
Esandako moduan, gai horiexek landuko dituzte gaur osoko bilkuran. Betiko moduan, 19:00etan da hitzordua eta interesa duen edozein joan daiteke batzarrera.