Zerrajerako babes ofizialeko etxeak inauguratu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko uztailaren 7a

Lanean denbora luzea eman eta gero, azkenean inauguratu dituzte Zerrajerako babes ofizialeko etxeak. Javier Madrazo etxebizitza sailburua egon da inaugurazio ekitaldian. Azpimarratu du, uztaila bukaeran sinatuko dituztela eskriturak eta orduan emango dituztela giltzak. Guztira 200 etxebizitza dira inauguratu dituztenak.

200 etxebizitza dira gaur inauguratu dituztenak, 100 alokairuan eta beste 100 etxebizitza saltzeko azalera-eskubidepean. Etxebizitzak 58, 79 eta 90 metro koadro bitartekoak dira, 2 edo 3 logela dituzte, eta bainugela 1 edo 2. Sukaldea altzari eta elektrotresnekin jantzita dago. Esan behar da, 4 etxebizitza egokituta daudela mugitzeko urritasuna duten pertsonentzako. 

Prezio soziala


95.000 eta 128.000 euro bitartean salduko dituzte etxebizitzak; alokairu soziala, ostera, 250 euro ingurukoa izango da. Arrasateko udala pozik dago etxebizitzekin eta aurrerantzean ere Jaurlaritzarekin lanean jarraituko duela esan du.

Etxebizitza guztiek garajeak eta trastelekuak dituzte. Gainera, 113 garaje libre utzi dituzte, Arrasateko aparkaleku beharrizana konpontzen laguntzeko. Bi etxe blokeek 1.300 metro koadro inguruko lokalak dituzte, Udalari eta ASPACEri utzitakoak. Garun-paralisia duten pertsonentzako egoitza eta eguneko-zentroa jarriko dute etxe bloke batean.

Ingurugiroa

Gainera, ingurugiroa errespetatuko duten etxebizitzak dira: gas naturaleko galdara daukate, banakako kontsumoak neurtzeko gailuak eta giro-termostato programagarria egongelan. Javier Madrazok azpimarratu du ohiko etxebizitzekin alderatuta % 60'6 energia aurreztuko dutela Zerrajerako etxeek. Eguzki plakak dituzte; horiek, edateko ura berotzen lagunduko dute. Gainera, energia eraginkortasun ziurtagiria dituzte etxeek, hain zuzen B motakoa.

Inbertsioa

Etxebizitza horiek eraikitzeko inbertsioa 7.768.434 eurokoa izan da. Udaletxearen inbertsioa bi sustapenak urbanizatzeko 687.841 eurokoa izan da

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak