Zerkaostetako lanak irailaren 30ean bukatuko dituzte

Ubane Madera 2007ko uztailaren 12a

Oraingo eguaztenean jakinarazi dute Zerkaostetako lanak bukatzeko data: irailaren 30a. Egun horretarako azpiegitura berri guztiak sartuta eta kalea zolatuta utzi beharko dute. Izan ere, horixe dabiltza egiten: argindar, ur, telebista eta bestelako zerbitzuekin lotutako azpiegitura zaharrak kendu eta berriak ipintzen.

Horrekin batera, Iturbide egoitzatik Zerkaostetara igotzeko dauden eskaileretan eta aldapan ere egingo dituzte obrak: "Orain dauden eskailerak oso estuak dira, zabalagoak ipiniko dituzte; eta aldapak, berriz, ez ditu betetzen irisgarritasun arauak; beraz, egokitu egingo dute", azaldu du Obra Saileko arduradun Moises Altuna teknikariak.
Era berean, biribilgune txikitxo bat dabiltza egiten Biteri plazatik gertu: "Biztanleen Arreta Zerbitzuaren ondoko garajeetakoek noranzkoa alda ahal izateko da hori", azaldu du Obra teknikari Izaro Agirrek.
Izan ere, Zerkaostetako obrak bukatzen dituztenean, kale horrek orain arte izan duenaren kontrako noranzkoa izango du: Biteritik Iturbide egoitzara joan ahal izango da automobilarekin.    


Lehen zatia bukatuta
Obra osoaren lehenengo zatia bukatuta dago: San Viator eskolaren kanpoko aldetik Kontzezinorainoko kale zatiari dagozkion obrak. Azpiegiturak berritzeaz gainera, bestelakoen artean, lur azpiko edukiontziak ipini dituzte egoitzaren ondoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak