Arrasate: Zerbitzu publikoek ez ohiko ordutegia izango dute Aste Santuan

Ubane Madera 2009ko apirilaren 8a

Datozenak jai-egunak diren neurrian, egunerokoak diren zerbitzu asko itxita izango dira Arrasaten, edo behintzat ez ohiko ordutegia izango dute. Itxita izango dira, adibidez, Kulturate osoa eta jakina, barruan dituen Udal Bibliotekako zerbitzu guztiak. Martitzenera arte itxita izango dira, baita ere, Biztanleen Arreta Zerbitzua eta oro har, Udaletxea bera. Urbanoak ere ez du zerbitzurik emango.

Udaletxea itxita izango den arren, hori bai, Udaltzaingoak egunero egingo du lan, 24 orduko zerbitzuarekin.

Kirol zerbitzuei begiratzen badiegu, berriz, Musakolako kiroldegitik aditzera eman dute kiroldegia egunero izango dela zabalik, 08:30etik 14:00ak arte. Zapatuan, berriz, ordutegi zabalagoa izango dute: 08:30etik 20:30era.

Uarkape eta Iturripe

Uarkape frontoiari dagokionez, berriz, datozen bost egunotan itxita izango da. Eta Pazko astean martitzenetik egubakoitzera zabalduko dute goizeko 10:00etatik gaueko 22:30era. Zapatuan, 10:00etatik 20:00etara eta hurrengo domekan, hau da, apirilaren 19an itxita izango da.

Kirol zerbitzuekin bukatzeko, Iturripen ere ordutegi berezia dute datozen egunotara begira: datozen bost egunotan itxita izango da eta gero, Pazko astean, 16:00etatik 21:00etara zabalduko dute, zapatuan izan ezik; zapatuan 08:30etik 13:30era zabalduko dute.   

Urbanorik ez

Eta Aste Santuko jaiegunek eragina izango dute, baita ere, herri barruko autobusaren funtzionamenduan. Zerbitzu Sailetik aditzera emandakoaren arabera, zapatuan izan ezik, gainerako lau jaiegunetan ez da zerbitzurik  izango. Zapatuan, berriz, 08:00etan barik, 09:00etan hasiko da urbanoa eta 21:00ak arte jardungo du.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak