Zentsura mozioa: hamar eguneko epea finkatu dute sozialistek gainerako alderdien erantzunak batzeko

Ubane Madera 2008ko ekainaren 9a

Gaur goizean aurkeztu die alderdi sozialistak zentsura mozio proposamena Arrasateko Udaleko gainerako alderdi politikoei. Aurkeztutako testuan, zentsura mozioa arrazoitzeko, PSE-EEk gogora ekartzen du ETAk Isaias Carrasco hil zuela eta "hilketa horren gogorkeriak eragin zuela egundoko giza konmozioa".

Sozialistek "azpimarratu" gura dute "zentsura mozio hori aurkezteko gertaera erabakigarria izan zela EAEko alkateak zein zinegotziek uko egitea halako hilketa arbuiagarria gaitzesteari".

Horrekin batera, martxoaren 7an, "Isaias Carrascoren hilketa eta lau ordu geroago" Bozeramaileen Batzordean proposatu zuten gaitzespen testua atxiki dute gaur aurkeztu duten zentsura mozioan.

Zentsura mozioan, sozialistek gaineratzen dute "ideologia politiko jakina defendatzeagatik udalerriko auzokide bat hiltzea etikoki onartezina dela eta horren aurrean ez dutela lekurik isiltasun koldarrek. Alkatea ez da duina betetzen duen kargua betetzeko, egun horietan erakutsitako koldarkeria eta pasibotasunarengatik (…). Politika indarkeriarekiko bateraezina da. Horregatik instituzio kargu batean dagoenak jarduera terrorista gaitzesteari uko egiten badio ez du merezi hori betetzea".

Gogora ekartzen dute, baita ere, EB-Zutik koalizioak gobernua utzi egin zuela EAEren jarreraren aurrean eta horren ondorioz, "EAEren udal taldea gutxiengoan geratu eta udalerriaren gobernagarritasuna ez duela bermatzen" uste dute sozialistek.

Horregatik guztiarengatik, sozialistek diote "Arrasatek merezi" duela "gobernu demokratiko bat, udal gobernu dezentea" eta "sentibera", eta zentzu horretan Paco Garcia Raya (EAE eta gero boto gehien dituen zerrendako burua) aurkezten dutela alkate izateko, "udal hau zuzendu dezan Demokraziaren baloreekiko errespetuarekin, tartean bizitzarako eta terrorismoa gaitzesteko eskubideak errespetatuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak