Zentsura mozioa aurkezteko alderdiekin harremanetan hasi da Arrasateko PSE-EE

Txomin Madina Milikua 2008ko api. 29a, 17:54
PSE-EE hasi da dagoeneko Arrasateko alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko gainerako alderdiekin harremanetan. Dena den, zaila dirudi zentsura mozio honek aurrera egitea, jakin ahal izan dugunez, momentuz EB-Zutik koalizioak eta Aralarrek ezezko botoa emango bailiokete.

Arrasateko sozialisten buru den Paco Gartziarekin harremanetan jarrita, baieztatu digu bere alderdia hasi dela dagoeneko gainerako alderdiekin biltzen Ino Galparsoro alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezteko. Dena den, eta gauzak zehaztuago izan arte, ez du xehetasun gehiago ematerik nahi izan.

EAJ

Arrasateko udalean ordezkaritza duten gainerako alderdiekin ere jarri gara kontaktuan. Hala, alderdi jeltzaleko Isidor Solupek esan digu sozialistak momentuz ez direla eurekin harremanetan jarri. Gaineratu du, zentsura mozioa babesteko gauza asko baloratu behar direla, besteak beste gobernagarritasuna. Esan du, baita ere, Arrasateko jeltzaleek alderdiaren disziplina jarraituko dutela zentsura mozioaren inguruan. Honen harira, gogoratu behar da EAJ eta PSE-EEk batera aurkeztuko zituzten mozioak argitaratu zirenean, jeltzaleek esan zutela ez zutela zentsura mozioak aurkezteko aukera baztertzen.

EB-Zutik

Ezker Batua Zutik koalizioko Ander Rodriguezek bere aldetik esan digu eurek ere hitz egin dutela sozialistekin zentsura mozioaren inguruan. Gaineratu du argi utzi zutela pasa den egueneko osoko bilkuran, aldaketarik ezean ez dutela zentsuraren alde egingo.

PP

Alderdi Popularreko Itziar Lamarainek ere hitz egin du sozialistekin, eta adierazi du oraindik ezer sinatu ez duten arren, lehen momentuan esan bezala berak zentsura mozioari baiezkoa emango diola.

EA

Eusko Alkartasuneko Pello Urizarrekin hitz eginda, adierazi digu atzo egin zuela batzarra sozialistekin, eta bertan pasa den asteko gauza berdina azaldu ziela berak, hau da, kudeaketari eta politikari buruzko akordio minimoetara heldu ezean zail ikusten dutela mozioa babestea. Adierazi digu, sozialistek minimo horiek zeintzuk diren azaltzeko txosten bat eskatu diotela, eta datozen egunotan landuko dutela txosten hori.

Aralar

Aralarreko Jose Etxeberriak ez du momentuz sozialistekin hitz egin, eta adierazi digu ez duela euren deirik espero, Aralarrek argi utzi baitzuen pasa den astean ez zuela zentsura moziorik babestuko.

Gauzak horrela, eta momentuz alderdietatik jaso ditugun iritziak kontutan hartuta, badirudi zaila izango dela zentsura mozioak aurrera egitea Arrasateko udalean. Izan ere, horretarako gutxienez aldeko 11 boto behar dira, eta Ezker Batua Zutikekoen eta Aralarrekoen babesik gabe, alderdi sozialista ez litzateke kopuru horretara helduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak