Zenbait dirulaguntza eskatzeko epea zabalik da oraindik

Ubane Madera 2008ko irailaren 23a

2008ko dirulaguntzak zela banatuko dituzten erabaki zuen atzo Tokiko Gobernu Batzarrak. Beraz, dirulaguntzen eskatzaileek datozen egunotan izango dute aurten jasoko duten kopuruaren berri. Edozelan ere, zenbait dirulaguntza eskatzeko aukera zabalik dago oraindik.

Adibidez, euskara ikasteko bekak sartzen dira talde horretan. Hain justu ere, norberak egin duen euskara ikastaroa bukatu eta bi hilabeteko epea dago dirulaguntza horiek eskatzeko.

Egoera berean daude Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroren batean parte hartu dutenak. Horiek ere, ikastaroa bukatu eta bi hilabeteko epea dute-eta, Udalaren laguntza eskatzeko. Kontuan hartuta uztailean bukatu zirela udako ikastaroak, hil honen amaierara arteko epea dute, beraz, eskaerak aurkezteko.

Bestalde, eta bereziki gazteei begira, aisialdi begirale eta zuzendari ikastaroren bat egin dutenek urriaren 31ra arte dute dirulaguntza eskatzeko epea.

Eta gazteekin segituz, herriko musika taldeek ere badute aukera, maketa edo disko berria atereaz gero, Udalaren dirulaguntza eskuratzeko. Bada, kasu horretan, azaroaren 28ra bitarteko epea dute eskaerak aurkezteko.

Bukatzeko, badira beste hiru laguntza mota epez kanpo ere eska daitezkeenak. Adibidez, presoen senideek euren garraio gastuetarako laguntza. Izan ere, senideren bat orain preso sartuz gero, posible da dirulaguntza orain eskatzea. Jakina, beti ere kontuan hartuta dirulaguntza hori urte osokoa izan beharrean, eskaera egiten duten unetik aurrerakoa izango dela. 

Udal tasak ordaintzeko dirulaguntzak ere norbere beharren arabera eska daitezke; eta aurreko kasuan moduan, eskaera egiten duten unetik aurrerako laguntza jasoko du eskatzaileak.

Eta bukatzeko, droga mendekotasun tratamenduetarako dirulaguntzak ere aurreko bien egoera berean daude. Beraz, beharra dagoen unean eska daitezke.

Kopuruari dagokionez, guztira, 879.320 euro banatuko ditu Arrasateko Udalak aurtengo jardunean elkarte, erakunde eta bestelakoen artean.

Laguntzak eskatzeko beharrezkoa da eskabide eredua betetzea. Hainbat lekutan eskura daiteke hori: Biztanleen Arreta Zerbitzuan, Gazteen Informazio Bulegoan, eta besteak beste, Arrasateko Udalaren web orrian: www.arrasate-mondragon.org.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak