Aiora Renteria (ahotsa), Iñaki Imaz Piti (gitarrak), Ruben Gonzalez (baxua) eta Asier Basabe (bateria) dira Zea Mays. Japonian izan dira udan eta handik etorritako Braman taldearekin eta Kokein eibartarrekin joko dute egubakoitzean, 22:00etan, Arrasateko Hiru aretoan (lehengo 3.60 aretoa zena hain zuzen).
Zapatuan, berriz, Hard voor Weinig holandarrek eta Never Surrender arrasatearrek joko dute gaztetxean. Hard voor Weinig orain bi urte Leidenen sortutako taldea da. Ruben bateria eta Marloe gitarra protesta-performanceak egiten zituen Heisa perkusio taldean ibili ziren lehenago. Ondoren, Mistake punk taldeko Jurre batu zitzaien baxua jotzen eta abesten. Orduan sortu zuten Hard Loor Weinig. Izenak "lan egin gutxi lortzeko" esan nahi du. Letra politikoak dituen punk energetikoa egiten dutela diote holandarrek. Hardcorea eta ildo melodikoagoak ere antzeman daitezke haien kantuetan. Aurretik Never Surrender arrasatearrek joko dute. Denboraldi baterako agurra izango da biharko kontzertua Never Surrander taldekoendako. Garagardo jaia eta beste hainbat sorpresa izango dira 18:00etatik aurrera.