Zazpiehun herritar baino gehiago, eta gutxienez, 10 karroza, bihar

Ubane Madera 2009ko ots. 20a, 12:30
Datu potoloak iragarri dituzte aurtengo Aratusteetako egunik handienari (biharkoa) begira: 700 lagunetik gora parte hartuko dute Uarkapeko herri bazkarian; eta Arrasateko Gaztetxea itxita izan da egunotan biharko prestatzen ibili diren karrozak landu ahal izateko.

Zeren gainekoak izango diren ezin da esan, jakina, sekretuak hala agintzen duelako. Baina bai kontatu dutena da hamar karroza aterako direla bihar gaztetxetik kalera. "Jende piloa gabiltza lanean, 50 lagunetik gora. Gainera, gazteekin batera, nagusitxoagoak ere badabiltza", kontatu du Jon Ugartek, Aratuste Komisiñoko ordezkariak. Datu horiek guztiak eskuartean, beraz, pentsatzekoa da giroa, behintzat, ez dela faltako zapatu erregularrean.  

Egitarau orokorrari dagokionez,  erraldoi eta kilikiak eta mozorro tailerrak izango dira bihar 11:30ean hasi eta pregoia irakurri bitartean. 12:30ean irakurriko dute pregoia, Biterin, iaz mozorro onenaren saria irabazi zuen koadrilak, bestela esanda Sardina irabazi zuenak: Txorromoski koadrilak. 

Kalejira erraldoia

Eta pregoiaren ostean egin dute hitzordua herri bazkarian parte hartuko dutenek, herri bazkarirako "motorrak berotzeko". Jon Ugartek jakinarazitakoaren arabera, Gasolineratik aterata, honako ibilbidea egingo dute: Gasolinera-Laubide-Maalako biribilgunea-Maala kalea-Seber Altube-Okorotegi-Arbolapeta (errepidetik, kontrako noranzkoan)-Olarte eta Uarkape (14:30ean da bazkaria).   

Sariak eta jolasak, bazkal ostean

Bazkariaz gainera, bazkaloste polita izango dela ere azpimarratu du Ugartek: "Bazkaldu, mahaiak batu eta jolasak egingo ditugu; horiek ere puntuagarriak izango dira geroko sari banaketarako", argitu du. Izan ere, iaz bazkal ostea eta mozorroen sari banaketa artean gertatu zen hutsunerik izan ez dadin, bazkal ostean banatuko dituzte aurtengo hiru sariak: koadrila, karroza eta taberna onenei (31 tabernak parte hartuko dute). Beraz, zera esatea besterik ez da falta: bihar, Mozorrotu ala hil

Egitaraua

21, zapatua

11:30 Erraldoi eta kilikiak         

12:00 Mozorro tailerrak, Biterin       

12:30  Pregoia, Biterin        

14:30 Bazkari herrikoia       

19:30 Dantzaldia: Trakets taldea   

22, domeka

19:30 Nancho Novoren Sobre Flores y Cerdos antzezlana.           

24, martitzena

16:30 Mozorro desfilea, plazan

17:00 Hipo eta Tomax pailazoak        

17:30 Samasiku txaranga    

18:00 Kalejira Funky L'Olla taldearekin                           

19:00 Arrasate Musikaleko banda eta balletarekin kalejira

20:00-21:30 Egan taldearekin dantzaldia                           

22:30 Egan taldearekin dantzaldia                           

23:30 Sardinaren hileta; Segizioak erialdeko kaleak ibili ondoren Herriko Plazan bukatuko du desfilea, sardina bertan erretzeko.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak