"Zazpi partidu irabazi behar ditugu maila mantentzeko"

Mireia Bikuña 2009ko mar. 5a, 13:52
Mondragon Unibertsitateak jaitsiera fasea hasiko du aste bukaeran Tabirakoaren aurka. Hain justu ere, domekan 18:00etan, Iturripen. Denboraldiko une garrantzitsuan zaleen laguntza eskatu dute: "Guztion artean maila mantenduko dugu. Etorkizunerako ezinbestekoa da lehen mailari eustea, eta zaleen animuak asko eskertzen ditugu kantxatik".

Urteko hamar partidu inportanteenak jokatuko ditu Mondragon Unibertsitateak hurrengo bi hilabetetan. Hain justu ere, jaitsiera fasea jokatuko du. Denboraldian gauzak gaizki egin izanaren ondorio da jaitsiera fasea jokatzea, baina arrasatearrek nola edo hala maila mantendu nahi dute: "Denboraldia berandu eta gaizki hasi genuen. Jokalariak asko hazi dira eta entrenamenduetan oso ondo egiten dugu lan, baina partiduetan ez dugu %100 eman. Baina, maila mantenduko dugula uste dut", dio MUko entrenatzaile Javi Zurbanok.
Jaitsiera faseko lehen partidua eta irabazi beharrekoa gainera, Tabirakoren aurka jokatuko dute domekan Iturripen, 18:00etan. "Maila mantentzeko hamar partidutik zazpi irabazi behar ditugu, eta lehenengo hirurak oso inportanteak dira. Iturripen jokatuko dugu Tabirakorekin eta Goierrirekin eta etxetik kanpo Getxorekin, eta hiru garaipenak behar ditugu ezinbestean", diote.
Jaitsiera fasea oso parekatua izango dela dio Zurbanok: "Lehen fasean gure artean izandako emaitzak kontuan hartzen dituzte sailkapena egiteko. Horren arabera, talde guztiok ditugu maila mantentzeko aukerak. Horregatik guztiagatik, partiduak puntu gutxiko aldearekin erabakiko dira. Pazientzia eta kontzentrazioa behar ditugu. Hortxe dago kakoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak