Zarzuelak Amaia antzokia bete du berriro

Arritxu Barruso 2008ko aza. 23a, 20:26
Askotan esan ohi da Arrasateko zarzuela herriak herriarendako egindako ikuskizuna dela. Zapatuan argi geratu zen hori. Eskenatokia herritarrez beteta, eta bestaldean, Amaia antzokiko eserleku guztiak herritarrez betea. Aurtengoan, gainera, ikusleen erantzuna erabatekoa izan da. Zapatuan egin zen 'El Barberillo de Lavapiés' zarzuelaren estreneko emanaldia eta 40 sarrera bakarrik geratu ziren saldu barik.

Urtetik urtera gero eta arrakasta gehiago lortzen ari dira Arrasateko zarzuelak. Ez da harritzekoa. Izaskun Murgia elkarte lirikoko kideek zapatuan, berriro ere, erakutsi zuten kalitatezko ikuskizun bat eskaintzeko gai direla; eskenatokia dotorea, jantziak ikusgarriak eta ahotsak, zenbaitetan, ileak puntan jartzekoak.


Ikuskizunak bi ordu pasatxo iraun zituen eta hiru zatitan banatu zuten emanaldia, tartean bi etenaldirekin. Ikusleek, baina, euren eserlekuetatik altxatu ere egin barik itxaron zuten bi etenaldietan hurrengo tartea. Amodioa eta ezbeharra tartekatzen zituen istorioak arrapatu zituen seinale.
Tere Gonzalez Izaskun Murgia elkarte lirikoko burua da eta berak azaldu du aurtengoa orain arte egin duten zarzuelarik zailena izan dela. Emaitzarekin, baina, oso pozik dago: "Jantziak lan handia daukate eta musika ere konplikatua da. Gainera, aktore asko dira eta sartu-irten handia dago denbora guztian taula gainean. Hori guztia koordinatzea ez da batere erraza. Baina oso ondo joan da guztia". Eta horixe bera pentsatu zuten Amaia antzokira joandako 640 pertsonek. Txalo zaparrada handia jaso zuten-eta bukaeran. 


Datorren urtean zarzuelaren hamargarren urteurrena beteko dute eta zerbait berezia egin nahi dute. Tere Gonzalezek aurreratu digu zarzuela 'pikantea' izango dela

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak