Zarzuela: estreinaldiko arrakasta berretsi dute

Jon Berezibar 2009ko aza. 22a, 17:45
Egiptora bidaia egin dute elkarte lirikokoek hamargarren zarzuelarako. Joandako mende hasierako obra bat hartu, eszenografia urre kolorez eta detailez osatu eta barre eta dantzaz jositako obra entretenigarria da 'La Corte de Faraón'. Atzo estreinatu zuten eta gaur izango da bigarren sesioa. Datorrenen asteburuan azkenak: egubakoitzean (20:00) eta zapatuan (19:30). Asteburuko bi saioak, jendez lepo. Arrakasta bete betekoa izan dute biek.

Berezia da zarzuela hau. Ez bakarrik hamargarrena delako edota istorioa kokatzeko aukeratutako leku exotikoarengatik, baita ere, zati komiko ugari dituelako eta ikusi delako ahalegin berezia egin dutela aktoreek antzezpenean; sekulako maila erakutsi dute. Aurretik ere bagenekien zarzuela taldean abesle bikainak daudela baina taxuzko aktoreak ere badirela frogatu dute faraoiak eta gortekoek. Eta umorez ospatu gura izan dute Izaskun Murgia elkarte lirikokoek hamargarren zarzuela eta horretarako lehen unetik ikusleak poltsikoratu gura izan zituzten barrez eta sorpresekin. Dekoratuaren ikusgarritasuna bera, aktoreak eszenatokian beharrean antzoki barrutik ateratzea, zarzuelako zuzendaria bera aktoreei errieta egiten, dantza... Oholtza gainean zein aurrean ezin hobeto pasatzeko prestatu duten obra dela igarri zen atzo.

Musika beharrean barreak

Musika gutxiago du La Corte de Faraon lanak aurreko zarzuelekin konparatuz gero. Halere,  elkarrizketa arin eta txiste errazekoek betetzen dute lana  eta baita ere dantza saio laburrek, ballet eta flamencoarekin. Umorea eta ikuskizuna aurreko zarzuelak baino apur bat konplikatuagoa izan den obra osatzeko orain dela 10 urte ia ezinezkoa izango zitzaiena. Noski, 1910ean estreinatu zen obra izateko txisteak desfasatu xamarrak dira baina entretenigarria izan zen, finean. Sexuaz eta intsinuazioaz hitz egiten da obran baina orain 100 urteko ikuspegiarekin, beraz, atera kontuak.

Baina horren guztiaren gainetik aktoreen lana ezin hobea da, guztiek menderatzen dute-eta komedia modu paregabean eta kantatzea bakarrik lana bada, frogatu zuten talentu handia daukatela antzezteko ere. Asko zaindu dute azken lan honetan aktoreen lana eta hori azpimarratzekoa da. Batzuk aipatzearren benetan lan polita egin zuten hiru alargunek (Susana Vazquez, Guren Gonzalez eta Lore Aranburu) eta baita ere Casto Jose protagonista (Mikel Izurrategi). Gainontzekoek ere ahots garbiz eta antzezpen bikainez bete zuten euren lana . Ezin aipatu barik utzi jantzi eta dekoratuetan egindako ahalegina, detailez josia.

Ikusleak zutik eta antzezleak txalotuz amaitu zuten lehen funtzioa baina amaieran bakarrik ez, ikusleek zati bakoitza txaloka eta barrez amaitzen zuten. Arrakasta estreinatu aurretik zeukaten bermatuta – sarrerak ia agortu dituzte-eta – baina ikusleak hain pozik irteten ikustean arrakasta bikoitzaz ere hitz egin daiteke. 10 urte eutsi diote Izaskun Murgia elkarte lirikokoek eta ematen duenez, ez eurak ezta ikusleak ere, ez dira aspertu. Dagoeneko gainera datorren urtekoa prestatzen hasita daude. Atsedenik ez beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak