Zartzuelako saio guztietarako sarrerak eros daitezke

Ubane Madera 2008ko aza. 5a, 10:41
Joan den azaroaren 1ean, zapatuan, ipini zituzten salgai El Barberillo de Lavapies zartzuela ikustera joateko sarrerak. Herrian zabaldu da dagoeneko sarrera guztiak agortu direla. Baina ez da horrela. Adibidez, estreinaldiko saiorako, oraindik 187 sarrera gelditzen dira. Kutxan eros daitezke. Eta Amaia Udal Antzokia zabalik dagoenean, hango leihatilan ere bai.

Lau saio egingo dituzte: azaroaren 22 eta 23an eta azaroaren 29 eta 30ean. Eta saio bakoitzean 680 bat ikuslerendako lekua dago. Tere Gonzalezek, Izaskun Murgia elkarteko presidenteak emandako datuen arabera, estreinaldirako, adibidez, oraindik 187 sarrera daude saldu barik.

Hark gaineratu duenez, hori bai, aurreneko ilaretarako sarrerarik ez da geratzen, herritarrek horiexek erosten dituzte-eta lehenengo; baina azpimarratu gura izan du Amaia Udal Antzokia ez dela antzoki handia eta edozein kokagunetatik primeran ikusi eta entzuten dela zartzuela.

Horixe beraz, oraindik badagoela sarrera nahikoa, saio guztietarako; momentuz Kutxan eskura daitezke, hango Servikutxa kutxazainean. Edozelan ere, urtero egiten duten moduan, Amaia Udal Antzokiko leihatilan ere ipiniko dituzte saltzen. Hain justu ere, antzokian ekitaldiren bat dagoen bakoitzean erosi ahal izango dira zartzuelarako sarrerak, 17 eurotan.

Bestalde, zartzuela berari dagokionez, Tere Gonzalezek kontatu digu herenegun, adibidez, 23:00ak arte jardun zutela entseatzen. Azpimarratu du aurten taularatu behar duten zartzuela, El Barberillo de Lavapies, oso konplikatua dela, zartzuela handien kategorian dago eta horrexegatik lan handia hartzen dabiltzala guztiak. Edozelan ere, beste urte batzuetako emaitza ikusita, seguru aurten ere Amaia Udal Antzokia beteko dutela eta ikusleak gustura asko utziko dituztela.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak