Zaratengatik aurkeztutako kexuak aztertuko ditu udal gobernuak

Ubane Madera 2009ko azaroaren 9a

Bi salaketa aztertuko ditu gaur udal gobernuak, biak ala biak, zaratengatik hainbat herritarrek aurkeztutako kexuekin lotutakoak. Batetik, Zarugalde kaleko Haizea kafetegiaren zaratek eta lan orduak ez betetzeak eragin ditu auzotarrek kexuak; eta bestetik, gauza bera gertatu da Uribarri etorbideko Ostarku diskotekarekin. Hori horrela, bi leku horietan sonografoak ipintzeko aukera aztertuko dute gaur udal agintariek.

Bestalde, nabarmentzekoa da, baita ere, San Josepe harrobia behin betiko itxi eta haren jarduera bertan behera lagatzeko puntua landuko dutela.

Hirigintza Sailetik emandako xehetasunen arabera, batetik, harrobia behin betiko itxi egingo dutela jakinaraziko diote Jaurlaritzako Meatzaritza Sailari. Bestetik, ingurua berreskuratzeko lanek aurrera egingo dute. Hau da, inguru hura txukun uzteko lanekin segituko dute, eta gero Arrasateko Udalaren esku geratuko da han zer egin erabakitzea.

San Joseperako bi aukera: industrialdea

Bi aukera ditu Udalak. Batetik, San Joseperako lehenagotik dagoen plan partzialean jasotakoa gauzatu. Hau da, industrialdea eraiki. Besteak beste, gaur egun San Josepen dagoen hormigoi planta hantxe geratuko da eta gero industrialde berrian txertatuko lukete.

Ideia lehiaketakoa gauzatu

Beste aukera da Udalak antolatutako ideia lehiaketara aurkeztutako proiekturen bat edo proiektu horietako zatiren bat gauzatu. Edozelan ere, eta bigarren aukera horrek aurrera egin bitartean, San Josepen dagoen hormigoi plantak dagoenetan segituko luke.  

Ehorzleen lan poltsa

Bestalde, lan eskaintza bat ere landuko dute udal agintariek gaur arratsaldean: ehorzleen lan poltsa osatu beharra daukate eta hautaketa prozesurako oinarriak onartu beharko dituzte. Horrekin batera, bake epailearen ordezkoa aukeratzeko prozesura hastea ere erabakiko dute.

Bedoña eta San Andresko jaiak

Kultura kontuetara pasatuz, bi auzotako jaiak antolatzeko eskaeren proposamena aztertuko dute: Bedoñako jaiak eta San Andresko jaiak. Santamasak eta Gabonak ere berbagai izango dituzte, jaiegun horietan Arrasaten barrakak ipintzeko jasotako eskaerak aztertuko dituztelako.

Bestalde, hiru musika taldek egindako eskaerak ere aztertuko dituzte: Ozen, Arkada Sozial eta Last Rebels musika taldeek grabaketetarako dirulaguntza eskatu diote-eta, Udalari.

Dragoi berria

Eta Kulturarekin bukatzeko, ez ohiko eskaera bat ere egin diote udal gobernuari:  Arrasateko ikurretako bat den dragoiarekin lotuta, Errementari dantzarako dragoi berria egiteko eskaera.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak