Pakito Arriaran ez ezik, Marta Gonzalez eta Begoña Garcia mediku euskaldunak ere omenduko ditruzte zapatuan Arrasaten egingo duten ekitaldi berezian. Askapena eta El Salvador Bihotzean elkarteak dira antolatzaileak, eta hiru internazionalistek El Salvadorren egindako lana goraipatzea da ekitaldiaren helburua.
Unai Vazquez Askapena taldeko kidearen esanetan, Pakito Arriaran eta bera bezalakoen lana orain ari da fruituak ematen; horren adibide jarri du martxoaren 15ean FMLN alderdi ezkertiarrak lehenengo aldiz El Salvadorko hauteskundeak irabazi izana.
Alderdi horretatik diputatua den Gilberto Mejia Rivera gure artean da egunotan. El Salvador eta Euskal Herriaren arteko elkarlana eskertu gura izan zituen Mejia Riverak omenaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan. Gaineratu zuen era berean, bidea ez dela hauteskundeak irabazita amaitzen; zentzu horretan adierazi zuen gaur egun gauzak ondo egiteko erantzukizuna handiagoa dela, eta etapa berri honetan ere beharko dutela elkartasun internazionalista.
Ekitaldi nagusiak, zapatuan
Zapatuan bertan, 14:30ean hasiko dira ekitaldiak herri bazkariarekin. Uarkape frontoian izango da hau. Honen ostean, 18:30ean izango da omenaldia nagusia Monterronen, eta gauean, kontzertua egongo da gaztetxean.
Honetaz gain, aste honetan zehar erakusketa berezia egongo da jarrita Arrasateko Irati tabernan, eta ostegunean, El Salvadorrerako joandako brigadistekin ikusentzunezko hitzaldi foroa egingo dute Kulturaten; 19:00etan izango da hori.