Zalduspe eremuko hiru eraikin botatzeko asmoa du Udalak

Ubane Madera 2009ko irailaren 28a

Udalarenak diren eraikinak bota gura ditu: Oltam, Bihurtu eta Zalduspe parean dagoen etxe zahar bat. Bada, gaurko (astelehena) udal gobernuaren batzarrean, eraikin horiek botatzeko proiektua idazteari onespena emango diote. Horrez gainera, dirulaguntza kontuak ere izango dituzte mahai gainean. Adibidez, garapen iraunkorra lantzen duten ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen berri emango dute.

Zalduspe inguruko hiru eraikinok botatzeko egitasmoa Zalduspe eremuaren berrantolaketarekin lotuta dago. Labur esanda, Udalaren helburua da partzela hura guztia beste modu batean ordenatzea edo urbanizatzea.

Urbanizazio proiektu berria idazten dihardute. Hirigintza Sailetik emandako xehetasunen arabera, behin proiektua idatzita, jendaurrean ipiniko dute, alegazioak jasotzeko, eta gero etorriko da behin betiko proiektua.

Labur esanda, beraz, oraindik asko falta da esandako guztia gauzatuta ikusteko. Baina era berean, laster hasiko gara mugimendua ikusten, udal jabetzarenak diren eraikinak bota egingo dituztelako, gaur arratsaldean hala erabakitzen badute, behintzat. 

Garajea, enkantera

Hori ez da izango, baina, gaur udal gobernuak landuko duen gai bakarra. Besteren bat aipatzearren, Uarkapen Udalaren alde hipotekatuta dauden hainbat lokalen salmenta bultzatzeko pausoak zehaztuko dituzte, Udalak hipoteka horiek eskura ahal ditzan. Jakinaraziko dute, baita ere, Uarkapen Udalak duen garaje bat enkante bitartez saltzeko asmoa dutela, baldin eta osokoak horretarako baimena ematen badu.

Dirulaguntzak, ingurumenerako

Dirulaguntza kontuak ere izango dituzte mahai gainean Adibidez, garapen iraunkorra lantzen duten ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen berri emango dute, eta baita ere, Ingurumen Sailarekin lotutako dirulaguntzen berri ere. Eta, besteak beste, Garagartzako ortuak erabiltzeko ordutegia zehaztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak