Zaborraren zerga %20,1 igotzeko aukera aztertuko dute gaurko osoko bilkuran

Ubane Madera 2009ko mai. 7a, 12:53
Arrasateko alderdi politikoek osoko bilkura egin behar dute gaur iluntzean, eta mahai gainean izango dute zaborraren gaineko zerga %20,1 igotzeko proposamena. Debagoieneko Mankomunitateak egindako proposamena da. Eta proposamen hori onartzen badute, uztailetik aurrera Arrasateko bizilagunei %20,1 igoko diete zabor tasa. Horrez gainera, pertsona nagusiendako jangela sortzeko proiektua ere izango dute gaur aztergai: San Andresen eraikiko duten egoitzan gura dute eraiki nagusiendako jangela.

Kopurutan begiratuta, etxeko zaborrarengatik, gaur egun ordaindu behar dira 39,64 euro sei hilero. Bada, igoera onartuz gero, 47,63 euro ordaindu beharko da. Igoera bera aplikatuko lukete merkataritza, ostalaritza eta industrian.

Gipuzkoan erraustegirik ez

Zabor tasaren igoera horren arrazoia da Gipuzkoan dagoen erraustegi falta. Orain arte Beasaingo Sasietako erraustegira eramaten zituzten Arrasaten, eta oro har, Debagoienean batutako zaborrak. Orain, berriz, Sasieta itxi egin dute. Eta momentuz, Gipuzkoan ez dago beste erraustegirik. Hori horrela, Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen Gipuzkoan erraustegia egin arte, gipuzkoarren zabor guztiak Bizkaiko erraustegira eramatea.

Eta erraustegi aldaketa horrek dakar zaborra erretzearen kostuaren igoera. Besteak beste, orain  zabor kontsorzioa edo partzuergoa sortu behar dute hemengo zabor guztiak Bizkaira garraiatu eta han errausteko. Eta jakina, kostu igoera hori bizilagunek ordaindu beharko dute.

Nagusiendako jangela

Kontuan hartu beharreko bigarren puntua oso bestelakoa da. San Andres auzoan eraikitzen dabiltzan pertsona nagusiendako egoitzarekin dauka zerikusia. Izan ere, egoitza berrian pertsona nagusiendako jangela bat egokitu behar dute. Ez bakarrik egoitzan biziko diren nagusiendako, baizik eta laguntza beharra daukan edozein nagusirendako.

Bazkaldu eta afaldu: zortzi euro

Bestela esanda, Udalak laguntasuna eman gura die bakarrik bizi diren eta zailtasunak dituzten pertsona nagusiei, bakarrik bizitzen segitu ahal izateko. Hau da, sarri eguneroko janak prestatzeko zailtasunak dituzten nagusiek erabakitzen dute bakarrik bizitzen segitu barik, egoitza batera bizitzera joatea. Bada, San Andresko egoitzan egokituko duten jangela horretan pertsona nagusi horiek aukera izango dute egunero 8 eurorengatik bazkaldu eta afaltzeko. Bazkariarengatik lau euro eta erdi ordaindu beharko dute eta afariarengatik hiru euro eta erdi.

Dena den, esandakoa, momentuz aipatutako bi gai horiek proposamenak besterik ez dira. Udalbatzarrak dauka onartu eta atzera botatzeko azkeneko berba. Geroko bilkuran erabakiko dute.

Eta geroko bilkuran landuko duten beste gaietako bat aipatzearren, Ezker Batua-Zutik koalizioak aurkeztu duen mozioa aipatuko dugu. Liburutegietan ezarri gura duten kanonaren gainekoa da. Koalizioak eskatzen duena da Arrasateko Udalak onar dezala udal liburutegi publikoetan liburuak uzteagatik kanon bat kobratzearen kontrako adierazpena, eta adierazpen hori Euskadiko, Estatuko eta Europako hainbat erakundetara bidaltzea.   


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak